Politika -
Inbestidura
Erregeak bere laugarren bilera-sortari hasiera eman dio
Aurreko legealdiko hiru bilera-sortetan bezalaxe, ERCk eta EH Bilduk ez dute parte hartuko, eta Felipe VI.ak Nueva Canariaseko diputatua hartu du lehenik.
Agentziak | Erredakzioa
Indar parlamentarioen ordezkariekin bilera-sorta berria hasiko du gaur Espainiako erregeak. Bi urteko erregetzan laugarren bilera-sorta du Felipe VI.ak. Aste honetan Gobernuko presidente izateko, inbestidura saiorako hautagaia dagoen egiaztatuko dute buruzagiek ostegunean.
Aurreko legealdiko hiru bilera-sortetan bezalaxe, ERCk eta EH Bilduk ez dute parte hartuko eta Felipe VI.ak Pedro Quevedo Nueva Canariaseko diputatua hartu du lehenengo Zarzuela jauregian. Guztira, 14 buruzagi politiko hartuko ditu erregeak datozen hiru egunetan. Inbestidura saioan izan beharreko jarrera azalduko diote taldeek estatuburuari.
Quevedoren ondotik Felipek Isidro Martinez Foro Asturiaseko diputatua eta Ana Oramas CCko parlamentaria hartuko ditu goizean. Arratsaldean erregea Javier Esparza UPNko presidentearekin eta Alberto Garzon IUko buruzagiarekin bilduko da.
Asteazkenean Aitor Esteban (EAJ), Alexandra Fernandez (En Marea), Francesc Homs (CDC), Joan Baldovi (Compromis) eta Xavier Domenechek (En Comu Podem) dute hitzordua. Ostegunean lau buruzagi nagusiak hartuko ditu estatuburuak, txikienetik handienera: Albert Rivera (C's), Pablo Iglesias (Podemos), Pedro Sanchez (PSOE) eta Mariano Rajoy (PP).
Rajoyrekin bildu ondoren, Felipek Ana Pastor Diputatuen Kongresuko presidentea deituko du, bilera-sortaren emaitzen berri emateko. Inbestidura saioko bozketan Gobernuko presidente izateko proposamena luzatuko dio, hautagaia egotekotan.
Babesik gabeko inbestidura bat “zentzugabea” litzatekeela uste du PPk
Babes nahikorik ez baldin baduzu inbestidurara aurkeztea “zentzugabea” litzatekeela esan zuen atzo Rafael Hernando PPko bozeramaileak. Nazionalistekin itun bat baztertu ondoren, PSOEren eta Ciudadanosen erantzukizuna aldarrikatu zuen Alderdi Popularreko ordezkariak.
Aste hau gobernagarritasunerako “erabakigarria” izango dela azaldu zuen Hernandok.
Rajoyk inbestidurara aurkeztu eta PSOEk abstenituko dela iragartzea espero duela adierazi zuen atzo Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak Twitter sare sozialean: