Politika -

Bilera Kongresuan

Rajoy Riveraren abstentzioa aldatzen saiatuko da gaur

Rajoyren eta Sanchezen arteko bileraren ondoren, bi agintarien “egoskorkeriak” eta “berekoikeriak” kezkatzen dutela onartu zuen atzo Ciudadanoseko buruzagiak.

Mariano Rajoy PPko presidentegaia eta Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagia. Irudia: EFE
Mariano Rajoy PPko presidentegaia eta Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagia. Irudia: EFE
Rajoy eta Rivera Kongresuan bildu dira

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egoera politikoari blokeoa kentzeko, alderdi laranjaren mugimenduren bat lortzea espero du gaur Mariano Rajoy PPko presidentegaiak Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiarekin bilduta.

Atzo Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin izan zuen bileran aurrerapausorik ez zuten eman. Ondorioz, itxaropenak Rajoyren eta Riveraren arteko bileran jarrita dituzte. Bigarren bilera dute hilabete eskasean.

PSOEko buruzagia eta PPko agintaria bildu baino lehen, aste honetako elkarrizketek aurrerapausoekin amaitzeko itxaropen “askorik” ez dutela aitortu zuten Alderdi Popularreko iturriek.

Sanchezek publikoki egindako adierazpenetan oinarritzen ziren, Rajoyri ezezkoa aldatzeko tarterik ez baitu oraingoz, eta abstentziotik mugituko ez dela behin baino gehiagotan esan du Riverak.

Hala ere, estrategia aldaketa bat egotekotan, Riveraren aldetik etor daitekeela uste dute PPko iturriek.

Lantaldeak

Horregatik, gobernagarritasunerako funtsezko gaiak jorratzeko lantalde-sorta planteatuko dio gaur jarduneko presidenteak Ciudadanoseko buruzagiari Kongresuan.

Egitasmo berdina Sanchezi proposatu zion Rajoyk: erreforma instituzional, politika ekonomikoa, hezkuntza eta zientzia itun nazional eta gizarte politikan aurrera egiteko lau mahai.

Erreformen agenda bat adosteko, “behar beste denbora negoziatzea” beharrezkoa dela azpimarratu zuen atzo PPko buruzagiak, hauteskunde berrien “erokeria” saihesteko.

Sanchezen eta Rajoyren “egoskorkeria” eta “berekoikeria”

Baina Ciudadanosen erantzukizunarekin nahikoa ez dela argi utzi du Riverak azken egunetan, eta atzo ez zen salbuespena izan. Batez ere PPren eta PSOEren erantzukizuna beharrezkoa dela esan zuen. Rajoyren eta Sanchezen arteko bileraren ondoren, bi agintarien “egoskorkeriak” eta “berekoikeriak” kezkatzen dutela onartu zuen Ciudadanoseko buruzagiak.

Riverarekin bildu ondoren, PPko hautagaia alderdiko egoitzara joango da, Zuzendaritza Batzordea (12:00) biltzeko eta bilera-sortako ondorioen berri emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Albisteak Alderdi Popularra Ciudadanos alderdia Albert Rivera albisteak