Politika -

Krisia PSOE-n

Susana Diazek esan du PSOEren batasunaren alde lan egingo duela

Andaluziako presidenteak uste du PSOEk eztabaida "sakona eta lasaia" behar duela eta ezohiko kongresua Espainiako Gobernua osatu ostean deitzearen alde egin du.

Susana Diaz Andaluziako presidentea. Argazkia: EFE
Susana Diaz Andaluziako presidentea. Argazkia: EFE
Susana Diaz alderdia josteko prest azaldu da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Susana Diaz Andaluziako PSOEren idazkari nagusia eta Andaluziako Gobernuko presidenteak adierazi du bere federazioak Alderdi Sozialista “batzeko” lan egingo duela, “egoera oso konplikatua den arren”.

Andaluziako Zuzendaritza Batzordean egindako agerraldian, “lasaitasunerako” deia egin du, baina kritikak ere egin ditu.

“Militante sozialistek ez dute barkatuko interes pertsonalak alderdiaren interesen gainetik jarri izana”, ohartarazi du. “Batzuk alderdi berrien sugarrekin itsutu dira eta perspektiba galdu dute”, erantsi du.

Andaluziako presidenteak esan du lehendabizi Espainiaren gobernagarritasuna eta herritarren arazoak konpondu behar direla eta ondoren heldu behar zaiola Alderdi Sozialistaren barne hausturari: “Orain Espainiaren txanda da; gero etorriko da PSOErena”.

“Apirilean esan genuen lehenengo Espainiari heldu behar zitzaiola, herritarren arazoak konpondu behar zirela eta Gobernua osatu, eta ondoren egingo genuela eztabaida lasaia eta sakona”, azaldu du.

Ildo horretan, Diazek adierazi du Alderdi Sozialistak eztabaida “sakona” behar duela, eta ez “azkar batean egindakoa, interes pertsonalak Espainiaren edo alderdiaren interesen gainetik jarrita”.

Pedro Sanchezen zuzendaritzak kritikoen kontra esandakoak “min” eman diotela adierazi du eta ukatu egin du PSOEn “bandoak” edo “eskuineko sozialistak” daudela.

Alderdi Sozialistan ez dago bandorik eta PSOE ez da banda bat; PSOE alderdi handi bat da eta ziur nago sozialista guztiok badakigula zertarako gauden hemen eta zer defendatzen dugu; ez dago ezkerreko edo eskuineko sozialistarik”, nabarmendu du Sanchezek egindako kritikei erantzunez.

PSOEko idazkari nagusiak esan zuen kritikoen helburua Mariano Rajoyren inbestidura abstentzioaren bidez ahalbidetzea zela.

Diazek aitortu du Alderdi Sozialistak une “larria” bizi duela eta azken bi urteotan “okerrera” egin duela, hauteskundeetan “porrotak pilatu dituelako”. Horrenbestez, alderdiaren norabidea zuzentzeko beharra azpimarratu du.

“Egoera mingarria da, baina Andaluziako sozialistak egoerak eskatzen duen maila emango dugu eta, orain arte bezala, laguntzeko egongo gara”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Alderdi Sozialista Aldaketa PSOEn bideoak Pedro Sánchez argazkiak Eguneko albisteak