Politika -
Maniobra militarrak
Errusiako gerra-hegazkinak ez ziren Bilboko aireko espazioan sartu
Espainiako F-18 gerra-hegazkinek Errusiako bi gerra-hegazkini atzetik jarraitu ziela baieztatu du Defentsa Ministerioak, badaezpadako neurri gisa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako bi F-18 gerra-hegazkinek Errusiako bi gerra-hegazkini (Tu-160 Blackjack) atzetik jarraitu ziela baieztatu du Espainiako Defentsa Ministerioak, baina badaezpadako neurri bat izan zela nabarmendu du. Izan ere, Errusiako bi gerra-hegazkin horiek ez zirela Espainiako aireko espazioan sartu azpimarratu du.
Gertakaria irailaren 22an jazo zen. Norvegiako kostaldetik gertu Errusiako bi gerra-hegazkin atzeman ondoren, Norvegiak, Erresuma Batuak, Frantziak eta Espainiak hainbat hegazkin aireratu zituzten, aireko espazioa "babesteko".
Errusiako bi gerra-hegazkinek Kantauriko kostaldearen parean hegan egin zuten bitartean Espainiako bi F-18 gerra-hegazkinek jarraipena egin zieten, badaezpadako neurri gisa. Kantabriako kostaldetik gertu, Bilboko aireko espazioan sartzeko zorian zeudenean, Errusiako bi gerra-hegazkinek norabidea aldatu zuten eta Irlanda mendebaldera abiatu ziren.
Defentsa Ministerioko iturri batek ziurtatu duenez, Espainiako bi F-18 gerra-hegazkinak ez ziren behin bakarrik ere hegazkin errusiarrengandik hamar milia baino gutxiagora egon eta horien eginkizuna segizio lana egitea izan omen zen, harik eta Espainiako aireko espaziotik urrundu ziren arte.
Bestalde, Defentsa iturriek azpimarratu dute Errusiako gerra-hegazkin horien jokabidea ez dela "kezkatzeko modukoa" eta ez dela tirabirarik izan.