Politika -
Gure Esku Dago
Giza-katea antolatu dute Pasaian, erabakitzeko eskubidearen alde
Azaroaren 6an izango da, eta 10.000 pertsonak parte hartzea espero dute antolatzaileek.
Agentziak | Erredakzioa
Demoarso erabakitzeko eskubidearen aldeko Oarsoaldeako ekimenak giza-katea antolatu du Pasaiako badiaren inguruan azaroaren 6an. Giltzarri nagusietakoa izango da, 2017ko martxoaren 19an eskualdeko herrietan egingo duten galdeketa aurreko bidean.
Plataformako arduradunak Errenterian bildu dira gaur, larunbata, inguruko bizilagunei martxora arte prestatutako jardueren berri emateko. Azaroaren 6ko giza-katea izango da lehena, eta 10.000 pertsona inguruk parte hartzea espero dute.
Badiaren alde batetik bestera dauden 8.500 metroak batu nahi ditu Demoarsok, eskualdeko (Pasaia, Errenteria, Lezo eta Oiartzun) 8.500 herritarrekin, hain zuzen. Horiez gain, Euskal Herriko beste lekuetatik etorritako 1.500 pertsona etortzea aurreikusi dute.
Imanol Esnaola Demoarsoko arduradunak esan duenez, galdeketa antolatzea ez da helburu bakarra. Izan ere, "gizarteratzeko prozesu soziala” jorratzeaz gain, "herritarrek erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, oinarrizko kontzeptu demokratiko baten euskarriak" ezarri nahi dituzte.
Giza-kateak 100 metroko 85 zati izango ditu, eta guztietan "gonbidatu" garrantzitsu bat egon dadin saiatuko direla esan dute.
Ondoren, azaroaren amaieran, "parte-hartze prozedurak" garatuko dituztela aurreratu dute, "galderak zehaztu" eta hautesontziak non jarriko dituzten erabakitzeko. Urtarrilean, kanpainaurrea hasiko dutela baieztatu du Esnaolak, eta otsailean, galdeketaren kanpaina. Parte-hartzea esanguratsua izatea espero dute.