Politika -
Epaiketa
Gasteizko herri harresiko bi kidek akordioa lortu dute fiskalarekin
Ondorioz, ez dira kartzelara joango. Gainerako auziperatuen kontrako epaiketak abenduan egingo dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteizko herri harresiagatik epaitu dituzten lehen bi gazteek akordioa lortu dute fiskalarekin eta, beraz, ez dira kartzelara joango.
Igarki Robles, Aiala Zaldibar eta Ibon Esteban gazteen atxiloketak saihesteko herri harresia osatu zuten Gasteizen, Ama Zuriaren plazan, eta 15 lagun auzipetu zituzten.
Gaur Gasteizko herri harresiko hamabost auzipetuen kontrako lehen epaiketa egin dute, zehazki, Adam Laamirniren eta Oier Martinez del Camporen kontrako epaiketa izan da.
Hasiera batean Arabako Fiskaltzak 21 hilabete eta 9 eguneko kartzela zigorra eskatzen zuen bi auzipetuentzat, 2015eko maiatzean Gasteizen osatu zen herri harresiaren baitan Ertzaintzari erresistentzia egitea eta ertzainei kolpeak ematea leporatuta. Fiskaltzak bertan behera utzi du zigor eskaera, baina 3.680 euroko zigor ekonomikoa eskatu du bientzat.
Gainerako auziperatuen kontrako epaiketak abenduan egingo dituzte.