Politika -
Auzitegi Nazionala
Altsasuko gertakaria ikertu behar duen galdetu du Auzitegi Nazionalak
Larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten Altsasuko bizilagunek eta bertsio ofiziala ukatu zuten, "muntaia poliziala eta mediatikoa" zela salatuz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak Altsasun bi guardia zibilen eta haien bikotekideen aurka izandako erasoa ikertu behar duen edo ez argitzeko eskatu dio Fiskaltzari.
Covite indarkeriaren biktimen elkarteak asteazkenean jarri zuen salaketa Auzitegi Nazionalean, terrorismo eta gorro delituak egon daitezkeela iritzita eta horrelako auziak ikertzea Auzitegi Nazionalaren eskumena dela kontuan hartuta.
Alabaina, Iruñeko epaitegi bat aipatu gertakaria ikertzen ari da jada eta, ondorioz, Auzitegi Nazionaleko Lamela epaileak Coviteren salaketa onartu behar duen edo ez argitzeko eskatu dio Fiskaltzari.
Coviteren salaketa ez da soilik erasoaren ustezko egileen aurkakoa soilik, Ospa! Taldea, @AltsasukoGA Twitter kontuko arduradunak eta Alde Hemendik kanpainan parte hartu duten pertsonak eta erakundeak ere salatu ditu.
Joan den larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten Altsasuko bizilagunek eta bertsio ofiziala ukatu zuten, “muntaia poliziala eta mediatikoa” zela salatuz eta “Altasuko herriaren kontrako erasoa” dela ohartaraziz.