Politika -
Espainia
Jose Manuel Maza izango da Espainiako fiskal nagusi berria
Espainiako Gobernuak Auzitegi Goreneko magistratua proposatu du orain arte Consuelo Madrigalek izan duen kargua hartzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Ministroen Kontseiluak Jose Manuel Maza Auzitegi Goreneko magistratua proposatuko du Espainiako fiskal nagusi kargurako eta, ezustekorik ezean, bera izango da fiskal nagusi berria, Gobernuko iturriek baieztatu dutenez.
Izaera kontserbadorekoa da eta UJI Batasun Judizial Independenteko bozeramaile izan zen. Epaile gisa, Botin doktrinaren aurka agertu zen, Venezuela eta Irak ustez diruz laguntzeagatik Pablo Iglesiasen kontra irekitako kereila artxibatzea proposatu zuen eta Botere Judizialaren Lege Organikoaren erreformari buruzko zalantzak agertu zituen.
Mazaren izendapena gauzatu ahal izateko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena idatzi behar du kargurako egokia dela adieraziz eta, ondoren, Espainiako Diputatuen Kongresuko Batzordearen oniritzia ere jaso beharko du. Izendapenerako epeak hilabete inguru iraun dezake, eta lau urteko mandatua izango du.
Behin Espainiako fiskal nagusi gisa izendatutakoan, Felipe VI.a Espainiako erregearen aurrean zin edota hitz emango du eta Auzitegi Goreneko osoko bilkuraren aurrean hartuko du kargua.