Politika -

Elkarretaratzea

Milaka pertsona bildu dira Bartzelonan hautetsi soberanistak babesteko

Bertan izan da Artur Mas Kataluniako presidente ohia, eta esan duenez, prozesu soberanistaren alde 'buru-belarri' jarraituko dute.

Hautetsi soberanisten aldeko martxa, Bartzelonan. Argazkia: EiTB
Hautetsi soberanisten aldeko martxa, Bartzelonan. Argazkia: EiTB
Justiziaren politizazioa salatu du martxa erraldoi batek Bartzelonan

1:01

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagun batu dira Bartzelonan igande eguerdian "Demokraziagatik, gure instituzioak defenda ditzagun" lelopean, justiziak ikerketapean dituen hautetsi soberanistei sostengua emateko xedearekin. Bertan izan dira, besteak beste, Artur Mas, Carme Forcadell, Francesc Homs, Oriol Junqueras eta Gerardo Pisarello.

Ekitaldia Kataluniako hiru erakunde independentistek deituta egon da: Assemblea Nacional Catalana, Òmnium Cultural eta Associació de Municipis per la Independència (AMI).

Montjuiceko iturria eta Puig i Cadafalch-en zutabeak hondoan zituztela, justizia ikertzen ari den 407 tokiko ordezkarietako ugari agertu dira protestaren aurrealdean antolatu duten oholtzaren gainean. Horien artean egon dira Artur Mas Generalitateko presidente ohia, Carme Forcadell Kataluniako legebiltzarreko presidentea, Irene Rigau eta Joana Ortega kontseilari izandakoak, Montse Venturos Bergako alkatea eta Joan Coma Viceko (Bartzelona) zinegotzia.

Irekita dauden auziek 259 udali ere eragiten diete, eta Azaroaren 9ko galdeketaren gaineko kontuekin dute zerikusi handiena, baina baita beste gai batzuekin ere: Espainiako bandera udaletan ez jartzea, AMIri dirua ematea edota justiziaren aginduak desobeditzea.

Bertan izan dira ere Kataluniako gobernuko hainbat kide: Neus Munté (Presidentetzako kontseilaria), Raul Romeva (Kanpo Arazoetarako arduraduna), Meritxell Borras (Barne Arazoetako arduraduna), Santi Vila (Kultura), Dolors Bassa (Lan eta Gizarte Gaiak), Jordi Baiget (Enpresa eta Ezagutza) eta Meritxell Serret (Nekazaritza).

Egon ez dena Carles Puigdemont Generalitateko presidentea izan da, bere jaioterrira joan baita, bertan "seme kuttun" izendatu baitute gaur. Dena dela, eguerdian bertan antolatutako elkarretaratzean parte hartu du "Kataluniako instituzioen defentsan".

Masen esanetan, prozesu soberanistaren alde "buru-belarri" jarraituko dute

Artur Mas Kataluniako presidente ohiak eta PDECat alderdiko buruak esan duenez, prozesu soberanistaren alde 'buru-belarri' jarraituko dute. Nabarmendu duenaren arabera, Kataluniako Gobernuko buruan egon zenean ez zuen "desobeditu", baizik eta "Kataluniako herriak esandakoa" bete zuen.

Masek eskerrak eman dizkie gaurko ekitaldira bertaratu direnei: "Ez dugu etsiko, aurrera jarraituko dugu, badakigu nolako garrantzia duen egiten ari garenak, buru-belarri jarraituko dugu herri honek aurrera egin ahal izan dezan orain eta etorkizunean", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma gaur Gaurko azken orduko albistea Artur Mas Pere Aragonès argazkiak