Politika -

PSOE

PSOEko batzorde kudeatzaileak diziplina hautsi zutenak aldendu ditu

Talde diziplina hautsi eta Rajoyren inbestidurari ezetz esan zioten diputatuak zigortu egin ditu PSOEko batzorde kudeatzaileak.

Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EiTB
Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EiTB
Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rajoyren inbestiduran talde diziplina hautsi zuten diputatuak zigortu egin ditu PSOEko batzorde kudeatzaileak. Pedro Sanchezekin leial jokatu zutenak PSOEk Diputatuen Kongresuan duen Talde Parlamentarioaren zuzendaritzatik kanpo utzi ditu. Ondorioz, Meritxell Batet PSCko ordezkariak hutsik utzi du PSCren jesarlekua. Dena den, beste batzuek orain arte zuten karguarekin jarraituko dute; Margarita Robles Justizia Batzordeko kideak, esaterako.

Halaber, Susana Sumelzo Nazioarteko Garapenaren koordinatzaileak (PSOEren diziplina hautsi zuen, Rajoyren inbestidurari ezetza emanez) bere kargua utzi behar izan du. David Serrada PSOEko diputatuak hartuko du kargu hori.

PSOEko batzorde kudeatzaileak duela hiru aste egin zuen azken bilera. Alabaina, Kongresuko zein Senatuko Talde Parlamentarioaren zuzendaritzan aldaketak egiteko, ostegun honetan bildu dira berriro. Mario Jimenez batzorde kudeatzailearen bozeramaileak jakinarazi duenez, “konfiantza eta gaitasunarekin lotutako irizpideak“ berritzeko asmoz bildu dira, baina horren “osaketan aldaketa sakonik egiteko asmorik gabe”.

Zehazki, bozeramailearen ondoko diputatuak eta zuzendaritzako kide batzuk aldatu dituzte. Ondorioz, Sofia Hernanz Balearretako diputatua (Jose Muñoz valentziarra jarri dute horren ordez) eta Meritxell Batet PSCko ordezkaria alde batera utzi dituzte.

Halaber, bozeramaile kargua zuten eta Pedro Sanchezekin leial jokatu zuten bost diputatuetatik, Sumelzo bakarrik ordezkatu dute. Ildo horretatik, Manuel Cruz (Hezkuntza eta Kirol Batzordearen bozeramailea), Mercé Perea (Toledoko Ituneko Akordioen Jarraipen eta Ebaluazio Batzordearen bozeramailea) eta Joan Ruiz (Desgaitasunen alorreko Politika Integralen Batzordearen bozeramailea) beren karguekin jarraituko dutela berretsi du PSOEko batzorde kudeatzaileak.

Halaber, Margarita Robles eta Zaida Cantera independenteek (Justizia Batzordeko kidea eta Bide Segurtasunerako eta Mugikorasun Iraunkorrerako Batzordeko presidenteordea, hurrenez hurren) orain arte zituzten karguekin jarraituko dute. Alabaina, Canterak Defentsan zuen bozeramaile ondokoaren kargua galdu du, orain Adriana Lastraren esku geratu baita (Rajoyren inbestiduran abstentzioa bozkatu zuen).

Beste alde batetik, Vicente Alvarez Areces Senatuaren bozeramailea izaten jarraituko da, eta Matilde Valentin Taldearen idazkari nagusia izango da. Era berean, Francisco Menacho, Francisco Martinez Aldama, Rosa Aldea Gomez eta Begoña Nasarre Oliva bozeramaile ondoko karguekin jarraituko dute.

Gainera, PSOE eta PSCren arteko batzorde kudeatzaileak iraganean (2013an, Kataluniako independentziari buruzko galdeketak bien arteko harremanak mugan jarri zituenean) bien arteko negoziaketetan parte hartu zuten bi alderdikide izendatu dituzte berriro: Elena Valenciano eta Antonio Balmon.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Alderdi Sozialista Espainiako Gobernua argazkiak Aldaketa PSOEn argazkiak Eguneko albisteak