Politika -
Imelsa auzia
Rita Barberak esan du 1.000 baino ez zizkiola eman PPri
Valentziako alkate ohiak Conde-Pumpidoren aurrean deklaratu du ordubetez
Agentziak | Erredakzioa
Rita Barbera Valentziako alkate ohiak eta senatariak ukatu egin du PPren udal-taldeak egindako diru zuritzearekin zerikusirik izatea. Hori esan dio astelehen goizean Candido Conde-Pumpido Auzitegi Goreneko instrukzio epaileari. Soilik onartu du 1.000 euro eman zizkiola alderdiari donazio gisa, eta 500 euroko bi billete jaso zituela bueltan.
Gainerako gaien inguruan, behin eta berriz esan du ez zekiela ezer eta erabaki guztiei buruzko ardura Valentzian 2015eko udal-hauteskundeetako sortutako kanpaina-batzordeari egotzi dio.
Taula operazioaren baitan, PPk Valentziako Udalean zuen taldean dirua zuritzea leporatu diote, Imelsa kasutik eratorrita. Udaleko taldeak erabilitako sistema horri dagokionez, ez zekiela ezer berretsi du, ez zuelako kanpaina-batzordean parte hartzen.
Jose Antonio Choclan abokatuak eta beste bi pertsonak lagunduta iritsi da Barbera Auzitegi Gorenera, hitzordua baino ordi erdi lehenago, 10:00etan. Galdeketa hogei bat minutu atzeratu da.
Iturri judizialen arabera, alkate ohiak Juan Ignacio Campos fiskalak eta bere abokatuak egindako galderei baino ez die erantzun. Gloria Pascual PSOEren abokatuak akusazio partikular gisa egindako galderei, berriz, ez die erantzun nahi izan.
Irainak entzun ditu Gorenetik irten denean
Ordubetez deklaratu eta gero, taxi batera igo da Barbera, kazetarien galderak saihestuz. Irteeran zain zeuden hainbat pertsonak "mozkorra (borracha)", "ustela (corrupta)", "ordainduko duzu, nahiz eta Senatuan ezkutatu (vas a pagar aunque te escondas en el Senado)", "ez ezkutatu, guztia ordainduko duzu eta(no te escondas que lo vas a pagar todo)".