Politika -

Protesta manifestazioa

Milaka pertsona bildu dira Altsasuko protesta isilean

Martxak bi helburu izan ditu: herriaz zabaltzen den irudia salatzea eta atxilotuta dauden zazpi gazteak libre gera daitezela eskatzea.

Manifestazioaren buruan eraman duten pankarta. Argazkia: EiTB
Manifestazioaren buruan eraman duten pankarta. Argazkia: EiTB
Manifestazioaren buruan eraman duten pankarta. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona bertaratu dira Altsasura, gaur eguerdian bertan egin den manifestazio isilarekin bat egiteko. Martxak bi helburu izan ditu, batetik, joan den urriaren 15ean bi guardia zibilek eta haien bikotekideek jasan zuten erasoaren ondoren Altsasuri buruz zabaldu den irudia okerra dela salatzea, eta, bestetik, gertakari horiengatik atxilotuta dauden zazpi gazteak libre gera daitezela eskatzea (guztira bederatzi pertsona daude auzipetuta).

Martxa 13:00etan abiatu da Altsasuko industrialdetik eta herrigunera arteko bidea egin du "Altsasu" leloa zeraman pankarta buru zuela. Altsasuko Udaleko kideak. Javier Ollo alkatea buru, atxilotuen senitartekoak eta hainbat kolektibotako kideak arduratu dira hura eramateaz.

Manifestazioan parte hartu dutenen artean izan dira Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailea, Ainhoa Aznarez Foru legebiltzarreko presidentea eta Adolfo Araiz (EH Bildu) Koldo Martinez (Geroa Bai) eta Laura Perez (Podemos) legebiltzarreko bozeramaileak.

Bertan izan dira ere Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Iñaki Bernal (EB) senatari nafarra, besteak beste.

Manifestazioa isiltasun osoz eta txalo artean igaro da Altsasuko erdiguneko kale nagusietatik, eta bukaeran komunikatu bat irakurri dute, euskaraz zein gaztelaniaz, Jokin Casteig herriko institutuko zuzendariak eta Amaia San Romanek, Altsasuko ikastetxeko irakasle eta auzipetutako baten ama denak.

Komunikatu horretan nabarmendu dutenez, "sekula gertatu behar ez zuten" gertakarien ostean Altsasuren irudia "larriki kaltetuta geratu da". "Herri plural eta ireki bat gara, behinola lan egitera etorri eta bertan bizitzen geratu ziren eta herriaren nortasuna bere egin zuten pertsona askoren arteko bizikidetzaren eraginez", gaineratu dute.

Aipatu komunikatuan, zentzugabekeriatzat jo dute auzipetuen aurka 10 eta 15 urteko espetxe-zigorra eskatzea, ustezko terrorismo delitua leporatuta. Halaber, "oso arduratuta" agertu dira gazteen etorkizunarengatik, eta haiek "berehala aske geratzea" eta kasua Auzitegi Nazionaletik berriro ere Iruñeko instrukzio epaitegira bueltatzea eskatu dute.

Elkartasuna adierazi diote "guzti horren ondorioak pairatzen ari diren pertsona orori", eta eskertu egin dute gaurko deialdiaren aurrean jendarteak eta erakundeek izan duten erantzuna: "Inoiz ez dugu ikusi herria hain batuta. Izugarria eta hunkigarria da, eta eskertu egiten ditugu jasotzen ari garen elkartasun adierazpenak".

Foru Gobernuak eta alderdiek "neurritasuna" eskatu dute

Maria Solana Foru Gobernuko bozeramailearen esanetan, bera martxan egotea ez da izan "inoren askatasuna eskatzeko, baizik eta justizia egin dadila eskatzeko".

"Nafarroako Gobernua ez da etorri inoren askatasuna eskatzera", adierazi du Solanak. "Gauzak hartu behar diren moduan har daitezela. Ordaindu behar denarengatik ordain dezatela, baina neurriz", aldarrikatu du.

Bere aldetik, Ainhoa Aznarez (Podemos) Nafarroako Legebiltzarreko presidentearen arabera, "goizaldeko orduetan tabernako liskar bat besterik izan ez zenak okerreko bidea eraman du ekintza terrorista gisa epaitzegatik".

Koldo Martinez Geroa Baik foru legebiltzarrean duen bozeramaileak uste duenez, "gertatutako ez da terrorismo delitu bat"; horrez gain, Altsasuko herriari bere elkartasuna adierazi dio.

Adolfo Araizen (EH Bildu) esanetan, "bidegabekeria handia" egiten ari dira. "Taberna bateko liskar bat terrorismo delitu bihurtu dute. Ez dago eskubiderik egiten ari diren injustizia eta zentzugabekeria politikorako", nabarmendu du.

Javier Ollo Altsasuko alkateak ere kritikekin bat egin du: "Neurrigabea da terrorismoari buruz hitz egitea". Bestalde, auzia berriz Iruñeko auzitegira buelta dadila eskatu du, eta, azpimarratu duenez, "gogaituta" daude Altsasuri buruz zabaldu den irudi "oso manipulatua" dela-eta.

Azkenik, Joseba Asiron Iruñeko alkatearen iritziz, "herria kriminalizatu egin da". "Goizaldeko bostetan taberna batean gertatutakoari kategoria politikoa aitortzeak ez du inolako zentzurik, eta terrorismo bilakatu nahi izateak garbi uzten du zein den Espainiako Estatuko politikaren maila, eta, zoritxarrez, baita zein den Espainiako Estatuko Justiziaren maila ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Nafarroa Joseba Asiron Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua berriak