Politika -
Auzitegi Nazionala
Bi urteko zigorra jarri arren, Ibarluzea ez da kartzelara joango
Garikoitz Ibarluzearen defentsak eta Fiskaltzak akordioa lortu dute, eta azken horrek uko egin dio Auzitegi Gorenean helegitea jartzeari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko lehen aretoak bi urteko kartzela zigorra eta sei urteko inhabilitazioa ezarri dio Garikoitz Ibarluzeari, Espainiako Poliziak joan zen astean Madrilgo aireportuan atxilotu eta hurrengo egunean 5.000 euroko bermea ordainduta baldintzapean aske utzi zuen gazteari. Defentsak eta Fiskalak akordioa lortu dute, eta Ibarluzeak aurrekaririk ez duenez, ez da kartzelara joango.
Akordioa erdietsita, Ibarluzearen kontrako epaiketa bertan behera gelditu da. Aurrez, fiskalak behin-behineko ondorioak aldatu ditu, eta hasieran egindako zigor eskaera murriztu du, nahiz eta akusatuari egotzitakoak aldatu ez dituen. Garikoitz Ibarluzeak, berriz, akordioarekin ados dagoela adierazi du epaimahaiaren aurrean.
Bestalde, Fiskaltzak uko egin dio Auzitegi Gorenean helegitea jartzeari, eta Manuela Fernandez de Prado magistratua buru duen epaimahaiak datozen egunetan idatziko du epaia.
Auzitegi Nazionalak Garikoitz Ibarluzea atxilotzeko eskaera egin zuen 1999an hainbat kale erasotan parte hartu izana leporatuta. 2002an atxilotu eta kartzelan sartu zuten, baina urtebete geroago aske gelditu zen.