Politika -
Bilera
Azpiazuk eta Montorok bilera egingo dute astelehenean Madrilen
Ogasun eta Ekonomia sailburuak lehen eta azken bilera ez izatea espero du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua eta Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak bilera egingo dute astelehenean Ogasun Ministerioaren egoitzan. Pedro Azpiazuk kazetarien aurrean Gasteizen egin duen prentsaurrekoan baieztatu du albistea.
Sailburuaren esanetan, "albiste ona da". Are gehiago, lehen bilera eta azkena ez izatea espero du, "harreman iraunkorra izateak gauzak asko errazten dituelako".
Azpiazuk adierazi duenez, bilera horretan Euskadiren eta estatu espainiarraren arteko alde biko harremana irudikatuko da, eta bilerak Kontzertu Ekonomikoaren izpiritua eta aldebikotasuna berreskuratzeko balioko du.
Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluak gaur egingo du bilera, nahiz eta Azpiazu ez den bertan izango. Haren esanetan, ez da foro egokiena Euskadiren eta estatu espainiarraren arteko gaiak jorratzeko.
Asteleheneko bilera horretan jorratuko dituzten gaiez galdetuta, Azpiazuk zehaztu du ez dutela bilerako agenda hitzartu oraindik, baina zorpetzea eta defizit publikoa izango dituztela hizpide eta legegintzaldi honetan "elementu garrantzitsu" izango diren Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa ere aipatuko dituztela.