Politika -

Frantziako hauteskundeak

François Hollande ez da aurkeztuko 2017ko hauteskundeetara

Frantziako presidenteak baieztatu du ez dela hautagai izango karguan errepikatzeko. "Jakin badakit nire hautagaitzak arriskuak izango lituzkeela", aitortu du.

François Hollande Frantziako presidentea. EFE
François Hollande Frantziako presidentea. EFE
Frantziarrak oro har bat datoz François Hollanderen erabakiarekin

1:19

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

François Hollande Frantziako presidenteak iragarri du ez dela 2017ko apirileko eta maiatzeko hauteskundeetara aurkeztuko eta, horrenbestez, ez da karguan jarraitzeko hautagai izango.

Hori horrela, hauteskundeetara berriz aurkeztuko ez den lehen presidentea izango da.

"Jakin badakit nire hautagaitzak arriskuak izango lituzkeela, babes nahikorik ez dudalako. Hori dela eta, datozen hauteskundeetan presidentegai ez izatea erabaki dut, ez naiz karguan jarraitzeko hautagai izango", esan du telebista bidez eman duten hamar minutuko agerraldi batean.

Adierazpen instituzional horretan, Frantziaren erronka zeintzuk diren aipatu ditu, hala nola, ultraeskuina geldiaraztea eta indarkeria yihadistari aurre egitea. Horrez gain, kudeaketa defendatu du, langabeziaren arloan, ingurumenaren esparruan eta askatasunen defentsan, adibidez.

"Zintzotasunez diotsuet: arriskurik handiena protekzionismoa da, nor bere baitan ixtea. Hori izango litzateke frantziarrentzat hondamendirik handiena", esan du Hollandek.

François Fillon presidentegai kontserbadoreak babesten duen proiektua ere ez dela hobea ohartarazi du. Alabaina, bere anbizioaren gainetik, Frantziaren interesa jarri duela azpimarratu du. "Esperientziak umiltasuna eman dit", erantsi du.

Frantziako Alderdi Sozialistak ostegun honetan abiarazi du, hain zuzen ere, hautagaitzak aurkezteko epea. Oraingoz, Arnaud Montebourg Ekonomia ministro ohia izan da hautagaitza aurkeztu duen bakarra.

Inkesten arabera, Hollande hauteskundeetara aurkeztu izan balitz, oso emaitza txarrak izango lituzke: eskuin-zentroko Fillon, Marine Le Pen ultraeskuindarra, Emmanuel Macron ezkertiar moderatua eta Jean-Luc Melenchon ezkertiar erradikala aurretik izango lituzke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Nazioartea Frantzia argazkiak François Hollande albisteak Albisteak