Politika -
Presoak
Troitiño aske uztea eskatu du Sortuk
Halaber, PPren Gobernua 'bakearen benetako arerio' gisa ari dela jokatzen salatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Arkaitz Rodriguez Sortuko bozeramaileak Antton Troitiño aske uztea eskatu du larunbat honetan, eta euskal herritarrei "kalera ateratzeko" deia egin die presoen alde egingo diren deialdietan parte har dezaten.
Aldi berean, adierazi du ezker abertzaleak ez duela onartuko Espainiako Estatuak "herri honentzat konponbide justua, egonkorra eta iraunkorra sabotatzen saia dadila. Azpimarratu duenez, euskal gizarteak "ikusten du une honetan bakerako eta gatazkari konponbide osoa emateko dagoen oztopo bakarra Espainiako Gobernua dela".
Rodriguezek Donostian egin ditu adierazpen horiek, Antton Troitiñoren askatasuna eskatzeko 'Konponbide garaia da. Antton askatu' lelopean egin den elkarretaratzean. Bertan izan da, besteak beste, Arnaldo Otegi ere.
Buruzagi abertzaleak "gogor" salatu du Troitiño atxilotu eta preso sartzea; izan ere, "bete zuen bere zigorraldia", eta, bere aburuz, Estatu espainiarraren mendeku politikaren "biktima izaten ari da, beste euskal preso politiko batzuekin batera".
Era berean, egungo kartzela-politika eta "Altsasuko gertakarien inguruan egindako polizia-muntaia plan bera" direla adierazi du. "Espainiako Gobernua eta PP, herrialde honetan bakea lortzeko aukerak suntsitzeaz gain, gatazka politikoa bukatzeko zentzuzko edozein irtenbide oztopatu nahian dabiltza”, salatu du.
Hala eta guztiz ere, "bakearen etsaiek aurrez aurre izango gaituzte", ezker abertzaleak "ez duelako onartuko" Estatu espainiarrak "konponbide bidezkoa, egonkorra eta iraunkorra" sabota dezan.
"Bakearen etsaiak"
Sortuko bozeramaileak berretsi duenez, PP "bakearen etsai gisa ari da jokatzen"; beraz, euskal gizarteari deia egin dio, "aski dela esan dezan, herri honek bakea nahi eta merezi baitu. Gainera, ez du onartuko zenbait sektore bake hori suntsitzen saiatzea interes politikoak direla medio".
Horrenbestez, kalera irten dadin eskatu dio euskal gizarteari, "herri honen irtenbidea eta bakea helburu duten ekimenak bultzatzera". Horren harira, hainbat ekimen aipatu ditu: Etxeratek dispertsioa salatzeko abenduaren 10erako deitutako kateak, preso ohiek Usurbilen antolatu duten kanpaldi iraunkorra, edo Sarek urtarrilaren 14ean deitutako ibilaldia.