Politika -
Eusko Legebiltzarra
Erkorekak, Beltran de Herediak eta Tapiak uko egin diete eserlekuei
Hauteskunde autonomikoetako EAJren zerrendetan hurrengo ordezkariak izan zirenek ordezkatuko dituzte hiru sailburuak Ganberan.
Agentziak | Erredakzioa
Estefania Beltran de Heredia, Arantxa Tapia eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako sailburuek uko egin diete Legebiltzarrean dituzten diputatuen aktei, eta asteazken honetan erregistratu dute Ganberan euren eskaria.
Segurtasun Saileko, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko arduradunek duela gutxi hartu dute legebiltzarkide kargua, eta hauteskunde autonomikoetako EAJren zerrendetan hurrengo ordezkariak izan zirenek ordezkatuko dituzte Ganberan. Hurrengo hiru ordezkarietako bat Aitziber Irigoras da, baina horrek ere legebiltzarkide kargua utzi du, Durangon (Bizkaia) alkate izaten jarraitzeko.
Estibalitz Larraurik (Arabako zerrendan joan zen) ordezkatuko du Beltran de Heredia; Maialen Gurrutxagak (Gipuzkoa) hartuko du Tapiaren eserlekua, eta Begoña Otalora (Bizkaia) izango da Erkorekaren ordezkaria.
Abenduaren 15erako aurreikusitako osoko bilkuran hartuko dituzte eserlekuak, EAJk ohar batean jakitera eman duenez.