Politika -
Polizia-operazioa
Hiru atxiloketa Katalunian, erregearen argazkiak erretzeagatik
CUPeko diputatuek Espainiako erregearen argazkiak hautsi dituzte, polizia-operazioa salatzeko eta atxilotuei elkartasuna adierazteko.
Agentziak | Erredakzioa
Esquadra Mossoek hiru pertsona atxilotu dituzte gaur Katalunian, joan den irailaren 11ko Diadan izan zen manifestazioan, Espainiako erregearen argazkiak eta Konstituzioaren orriak erretzea leporatuta.
Kataluniako Poliziak azaldu duenez, bost lagun daude ikerketapean gertakari horiengatik eta joan den abenduaren 7an Auzitegi Nazionalean deklaratu behar zuten, baina ez ziren bertaratu. Hortaz, bostak atxilotzeko agindua eman du Auzitegi Nazionalak. Oraingoz, hiru atxiloketa egin dituzte.
Atzemandako bat Ivan Altimira da, CUPeko kontseilaria Bartzelonako Sant Andreu barrutian, alderdi independentistak jakinarazi duenez.
Polizia-operazioa salatzeko eta atxilotutako gazteei elkartasuna adierazteko, CUPeko parlamentariek agerraldia egin dute eta Espainiako Erregearen argazkiak hautsi dituzte.
Haserre agertu dira atxiloketengatik eta gainerako indar soberanistei “balentria” eskatu diete, polizia-operazioa sala dezaten. Horrez gain, Jordi Jane Kataluniako Gobernuko Barne kontseilariaren kargugabetzea exijitu dute.