Politika -

Polizia-operazioa

Jose Manuel Azkarate ETAko kidea atxilotu dute Marseillan

Espainiak aurkeztutako euro-agindu baten ondorioz atzeman dute Azkarate. Parisko Auzitegiak aztertuko du kasua.

Jose Manuel Azkarate. Artxiboko argazkia
Jose Manuel Azkarate. Artxiboko argazkia
Jose Manuel Azkarate. Artxiboko argazkia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Polizia Judizialak Jose Manuel Azkarate Ramos ETAko kidea atxilotu zuen atzo, asteazkena, Marseillan, Espainiako Poliziarekin elkarlanean, albiste-agentziek zabaldu zutenez. Antza denez, ihes eginda zegoen.

Parisko Auzitegiko terrorismoaren kontrako Fiskaltzak hartu du bere gain Azkarateren kasuaren ikerketa.

Hasiera batean Tolosako bizilaguna Probentzako (Marseilla ondoan) Apelazio Auzitegira eraman behar zutela zabaldu dute, baina azkenean Parisko Auzitegiak aztertuko omen du Espainiak haren kontra aurkeztutako euro-agindua, eta hara eramango dute.

Terrorismoaren aurkako iturriek jakinarazi dutenez, atxiloketaren unean dokumentazio faltsua zeraman.

2012. urtean Espainiako Ministroen Kontseiluak Azkarate espainiaratzea eskatu zion Frantziari, bertako Poliziak atxilotu ostean. Frantziako Justiziak 2012an haren estradizioa onartu zuen eta geroztik ihes eginda zegoen.

Juan Pedro Guzman Uribe enpresaburua eta Athleticeko zuzendaria bahitzeagatik 51 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta 1985etik 1992ra preso egon zen. Hala ere, 1992ko abenduaren 26an baldintzapeko askatasuna eman zioten osasun arrazoiak tarteko.

2004ko urtarrilaren 14an kartzelan sartu zuten berriro, Martuteneko kartzelara lagun bat bisitatzera joan zenean. Gomez Bermudez epaileak bertan behera utzi zuen Azkarateren baldintzapeko askatasuna, ezarritako baldintzak ez betetzeagatik. Ondorioz, gose greba egin zuen aske utz zezatela eskatzeko.

2004ko ekainaren 18an hirugarren gradua eman zioten osasun arrazoiengatik. Hasiera batean pultsera telematikoa jartzea proposatu zuen epaileak, baina Azkaratek uko egin zion "duintasunagatik".

Azkenean, Javier Gomez Bermudez espetxe-zaintzako epaile zenak Azkarateren baldintzak aldatu zituen eta egunero Ertzaintzaren aurrera agertzea, bizilekua finkatzera eta kartzelako gizarte zerbitzuekin lan egitea eskatu zion.

2012an baldintzapeko askatasuna urratzea leporatu zioten.

Alberto Aznar Felix erretiratutako teniente koronelaren hilketan eta Galdakaon konboi militar baten kontra egindako erasoan parte-hartzea leporatzen diote, besteak beste, Azkarateri. Galdakaoko erasoan Juan Enriquez Criado tenientea, Francisco Javier Fernandez tenienteordea eta Manuel Asensio Pereda zibila hil ziren.

Azkaraten jaioterrian, Tolosan, atxiloketa salatzeko eta haren askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egin dute 19:30ean Triangulo plazan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Frantzia berriak ETA Eguneko albisteak