Politika -
Harrera Lehendakaritzan
Urkullu: 'Euskadik aitortza nazionala eskuratu behar du'
Iñigo Urkulluk esan du "subiranotasun konpartitua" errespetatuko duen "Europa sozial berri baten" aldeko apustua egin behar dela.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak “subiranotasun konpartitua” onartuko duen Europa baten alde egin du, “Euskadik bere aitortza nazionala eskuratzeko helburuarekin begiratu diezaion etorkizunari”.
Gabonetan euskal gizarteari Lehendakaritzan egindako ohiko harrera-ekitaldian egin ditu adierazpenok Iñigo Urkulluk.
Lehendakariak esan du “subiranotasun konpartitua” eta “herri-nazioen aniztasuna” errespetatuko duen “Europa sozial berri baten” alde dagoela.
“Europak nazioen federazio bat izan beharko luke eta, bide horretan, Euskadik bere aitortza nazionala lortu eta autogobernua berritu behar du, euskal gizartearen baitan integratzailea izango den akordio baten bidez eta Estatuarekin hitzartuta”, azaldu du.
Urkulluren arabera, eredu horrek bat egiten du Euskadiren foru tradizioarekin eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren lehen Eusko Jaurlaritzak 1936an izandako lehen estatutu esperientziarekin.
Horrez gain, hasi berri den legegintzaldirako erronka nagusietako batzuk aipatu ditu: bikaintasuna helburu izango duen hezkuntzaren aldeko ituna; jaiotze-tasa haztea eta familiei zuzendutako laguntzak sustatzea; eta euskal gazteriaren aldeko apustua sendoa egitea, lana topatzeko eta etxebizitza bat izateko bideak erraztuz.
Lehendakariaren harrera-ekitaldian esparru ezberdinetako 500 bat lagun elkartu dira, hala nola, enpresariak, kulturgileak eta politikariak. Azken horien artean, adibidez, Andoni Ortuzar (EAJ), Idoia Mendia (PSE), Alfonso Alonso (PP), Madalen Iriarte (EH Bildu), Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, ahaldun nagusiak eta alkateak izan dira.
Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea, Juan Calparsoro EAEko fiskalburua eta Manu Lezertua Arartekoa ere han izan dira, baita hainbat kirolari, sukaldari eta artista ere.