Politika -

Eskaera

Zubietako erraustegiaren esleipena geldiaraztea eskatu dute

EH Bildu, Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo alderdiek Gipuzkoako EAJ-PSE gobernuari "akordioekin eta inposiziorik gabe" zaborren kudeaketa politika bat garatzeko eskaera egin diete.

Zubietako proiektua. EiTB
Zubietako proiektua. EiTB
Zubietako proiektua. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo alderdiek Zubietako erraustegiaren esleipena geldiaraztea (GHK batzordeak asteartean onartzea aurreikusi du) eskatu dute, “eragile politiko eta sozialekin akordioa lortzeko bideak uztartzeko” helburuarekin. Haien ustez, “gune honetan ere elkarrizketa eta akordioa posible izatearen seinale ona” izango litzateke.

Alderdi hauetako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Iban Asenjo eta Arantza Gonzalez izan dira bozeramaileak, eta agiri bat irakurri dute, bertan “beste kontsumo-eredu” baten aldeko proposamena nabarmendu dute, zero zabor (zero waste) filosofian eta ekonomia zirkularrean oinarrituta.

Horren haritik, alderdiek sinatutako akordioa gogorarazi dute, “zabor kopurua murriztea, berrerabilpena eta birziklapena handitzea, hondakin zatien birziklapen tasak hobetzea eta gaikako bilketa zabor tipologia gehiagoetara zabaltzea, materialak konpontzeko eta berrerabiltzeko gune publiko edo eta pribatuak sustatzea…” hartzen ditu, besteak beste.

Haien ustez, erraustegia eraikitzeak instituzioetako finantzak eta, horrenbestez, herritarrak hipotekatuko ditu hurrengo 35 urteetan, aipatu gabe ingurumenean eta pertsonen osasunean eragingo dituen kalteak.

Dekalogoa

Zabortegi toxiko berrien irekiera edo eraikuntza arbuiatu dute, eta edozein zabortegi motaren beharra gutxitzeko esfortzua egiteko konpromisoa hartu; helburua birziklatu edo konpostatu ahal den zaborra ez isurtzea delarik, ezta tratatu gabeko hondakinak ere. Honela Lapatxen itxiera txalotu dute, eta horrelako zabortegirik ez irekitzeko konpromisoa berretsi, ez Mutiloan eta ez beste inon.

Halaber, “arkitektura ekonomiko-finantzarioak errefusatze frakzioa murrizten duten udalerriak saritzen dituen” zabor-kudeaketa proposatu dute. “Modu horretan murrizketa, berrerabilpen eta birziklapen zirkulu bertutetsua sustatzen da, guztion onurarako, diru-kutxa publikoarentzako eta platenarentzako”, azpimarratu dute.

Bestalde, Gipuzkoako gizarte zibila eta hondakinen kudeaketan ardura duten arduradun politikoei, GHK eta Foru Aldundiari dei egin nahi diete, “garai berriek eskatzen duten kudeaketa arduratsuaren eta jasangarriaren alde egin dezaten”. Astearte honetarako Aldundiaren aurrean deitutako kontzentrazioetara joateko deia egin diete herritarrei, erraustegiaren kontrako Mugimenduak eta GuraSOS plataformak deituta.

Adostasunaren bidean eskua zabalduta dutela azpimarratu dute, baita “garbi” dutela EAJ-PSEren gobernuak egunen batean mahai baten bueltan gai honekin eseri beharko dutela hitz egin eta adosteko ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Albisteak Gipuzkoa EH Bildu Nafarroa Gaurko azken orduko albistea Euskadiko Podemos-eko albisteak Ekologia azken ordukoa Ezker Anitza-IU