Politika -
Aldebiko bilera
ETAren disoluzioan emandako laguntza eskertu dio Espainiak Frantziari
Espainiako eta Frantziako Barne ministroek aldebiko bilera egin dute Parisen eta hainbat gai jorratu dituzte: ETA, jihadismoa, narkotrafikoa eta migrazio politikak, besteak beste.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"ETAren behin betiko disoluzioa" lortzeko emandako laguntza eskertu dio Juan Ignacio Zoido Espainiako Gobernuko Barne ministroak Bruno Le Roux Frantziako Barne ministroari. Espainiako eta Frantziako Barne ministro berriek aldebiko bilera egin dute gaur Parisen.
Halaber, Zoidok eskerrak eman dizkio Le Rouxi Frantziak Espainiari emandako ETAren mugimenduen inguruko froga eta dokumentazio mordoarengatik. Zoidoren esanetan, material hori guztia "oso baliagarria izango da argitu gabeko kasuak argitzeko".
Zoidoren esanetan, froga berri horiek atxiloketa gehiago edota delitu berriak leporatzeko balio dezakete. Gainera, jasotako dokumentuak Terrorismoaren Biktimak Oroitzeko Gasteizko zentroan erakutsiko dituzte.
Gobernuen arteko "lankidetza bikaina eta elkarrizketa" azpimarratu dute bertan.
Gaurko bileran hainbat gai jorratu dituzte: ETA, jihadismoa, narkotrafikoa edota migrazio politikak, besteak beste. Jihadismoaren mehatxua aztertu dute, azkenaldian Europan atentatuak izan ondoren. "Ziur nago biok elkarrekin, lankidetzan, mehatxu horri aurre egin ahal izango diogula", adierazi du Zoidok.
Narkotrafikoaren kontrako borrokari dagokionez, berriz, Espainiaren eta Frantziaren arteko lankidetza indartzeko plana izenpetzea adostu dute Espainiak eta Frantziak egingo duten hurrengo goi-bileran.