Politika -

Euskal Autonomia Erkidegoa

Estatus politiko berria 2019ko urrirako nahi du indarrean EH Bilduk

Koalizio soberanistak azpimarratu du Legebiltzarreko "gehiengo zabala" erabakitzeko eskubidearen alde dagoela eta gogoratu du EAJk 2015tik "zor" diola herri honi estatus politiko berria.

Legealdi berria 'herri-akordioena' izatea espero du EH Bilduk

0:32

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegorako estatus politiko berria 2019ko urriaren 25a (Gernikako Estatutuaren 40. urteurrena) baino lehen indarrean egotea nahi du EH Bilduk. Ildo horretan, helburua estatus politiko berri horrek EAE Espainiaren menpekotasunetik ateratzea izan behar dela adierazi du.

Erronka horri aurre egiteko elkarlanean hasteko deia egin die EH Bilduk gainerako talde parlamentarioei eta Eusko Jaurlaritzari, joan den hauteskundeetan euskal gizarteak egindako "mandatu demokratikoari" erantzunez.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, "ezohiko legealdi" baten aurrean gaude, "herri honek bizi duen testuinguru berezi eta historikoagatik"; izan ere, Gasteizko Ganberan gehiengo zabala (75 parlamentariotatik 57) erabakitzeko eskubidearen alde dagoela azpimarratu du.

Nolanahi ere, Casanovak ohartarazi du alderdi politikoek ezin dutela estatus politiko berriari buruzko eztabaida "modu artifizialean luzatu", legegintzaldia amaitu arte. Era berean, estatus politiko berria "eskumen batzuk gehiago izango dituen Estatutu berri batekin nahastu" behar ez dela nabarmendu du.

Gainera, Iñigo Urkullu lehendakariak eta EAJk "estatus politiko berria 2015etik zorrean" dutela gogoratu du, jeltzaleek hala izango zela promestu baitzuten hauteskunde-kanpainan.

Horrenbestez, EH Bilduk datorren astean bertan jarriko da harremanetan Legebiltzarrean dauden Eusko Jaurlaritzako sailburuekin, departamentu bakoitzaren helburuak zehazten hasteko, "agertoki politiko eta demokratiko berriaren oinarriak jarrita".

Bestalde, Miren Larrionek erantsi du EH Bilduk hainbat galdera egingo dituela Legebiltzarrean, oraindik transferitu gabe dauden eskumenak zeintzuk diren jakiteko eta Gernikako Estatutuan jasota ez dauden oinarrizko eskumenak, hala nola, energiarena edo aireportuena, identifikatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Legebiltzarra albisteak EH Bildu Bizkaia Gaurko azken orduko albistea