Politika -
Estatu Islamikoa
Gizon bat atxilotu dute Donostian jihadistak erakartzea leporatuta
Atxilotuari atzerriko gudariak erakarri eta, Estatu Islamikoarekin bat egiteko, Siria eta Irakeko gerretara eramatea leporatu diote.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Polizia Nazionaleko Informaziorako Komisaria Nagusiko agenteek gizonezko bat atxilotu dute gaur, astelehena, Donostian, atzerriko gudariak erakarri eta, Estatu Islamikoarekin bat egiteko, Siria eta Irakeko gerretara eramatea leporatuta.
Barne Ministerioaren esanetan, atxilotua (marokoar nazionalitatea du) Donostian desegin duten taldeko burua zen. Atxilotuaz gain, taldea beste bi kidek ere osatzen zuten. Horiek Siria eta Irakeko gatazka guneetara bidaiatu eta gero, Europan ekintza terroristak egiteko asmoarekin itzuli ziren, baina azaroan atxilotu zituzten Marokon eta Frantzian. Biek EIren agindu zehatzak betetzen zituzten.
Polizia Nazionalak hedabideei igorritako ohar baten bidez adierazi duenez, atxilotua Estatu Islamikoaren egitura operatiboaren parte zen, eta 2010etik egiten zituen hezetze eta erakartze lanak, bai aurrez aurreko harremanetan, baita internet bidez ere.
Gaineratu dutenaren arabera, atxilotuaren militantzia agerian geratu da berak sare sozialetan egindako adierazpenekin, 'jihad" eta "organizazio terroristarekin bat egiteko deia" egiten baitzuen, gatazka dauden lekuetara joateko eskatuz.
Donostian atxilotutako gizona buru eta belarri aritzen zen kide berriak erakartzeko lanetan eta "ez zuen zalantzarik izaten bazterketa sozialean erortzeko arriskuan zeuden eta emozioen aldetik ezegonkorrak ziren gazteengana jotzeko, boxeo irakaslea zela -gainera- aprobetxatuta", dio Poliziak.
Taldearen buruzagiak atzerriko gudariak erakarri, hezi eta Turkiara bidaltzen zituen, EIren kanpoko egituraren aginduak jaso zitzaten, Europan atentatuak egiteko.
Era berean, atxilotuak etxebizitza elkarbanatu zuen taldeko beste kide batean. Beste kide horrek ez zuen muturreko jarrerarik agertu momentura arte baina, elkarrekin bost hilabete eman eta gero, ISISekin lotutako edukiak zabaltzen hasi zen, hezte epe bat hasita, atxilotuaren gidaritzapean.
Bigarren kide horren jarrera aldaketaren azken fasean, klaseetara joateari utzi zion eta bere harreman sozial bakarra gaur atxilotutakoarekin izateraino heldu zen. Horretan, atxilotuak Gipuzkoatik Turkiara bidaiatzeko esan eta, horretarako, dirua eman zion. Azkenik, Espainiak emandako agindu baten bidez, Marokon atxilotu zuten eta EIren jarraibideak jasotzen zituen pendrive bat jaso zuela aitortu zuen orduan.
Operazio honetan, Espainiako Inteligentzia Zentro Nazionala eta Marokoko Erresumako Lurraldea Zaintzeko Zuzendaritza Nagusia elkarlanean aritu dira, eta ISISek berriki egindako mehatxuen aurkako ekintza izan da.
Halaber, operazioa Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 5. Epaitegi Zentralak zuzendu du, eta zabalik dago oraindik. Gainera, Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzak koordinatu du, Gipuzkoako Informazio Brigadaren laguntzarekin.
2015etik, hau da, Barne Ministerioak terrorismoaren aurkako alerta 4. mailara igo zuenetik, Espainiako Segurtasun Indarrek 181 lagun atxilotu dituzte guztira, jihadistak izatea egotzita.