Politika -
Iñaki Arriolari elkarrizketa
'Espainiarekin haustea ekarriko duen akordiorik ez du babestuko PSEk'
Ingurumen sailburuak onartu duenez, bere alderdiak autogobernua hobetzeko akordio bat erdietsi nahi du legegintzaldi honetan, Gasteizko Legebiltzarrean.
Agentziak | Erredakzioa
EAJ eta PSE alderdiek koalizioan osatzen duten Eusko Jaurlaritzan sozialisten jarduera koordinatzen duen Iñaki Arriolak ohartarazi duenez, bere alderdiak ez du babestuko Espainiaren eta Euskadiren arteko bizikidetza arriskuan jarriko duen autogobernu akordiorik, ezta "oinarri ahulekin" eraikitako bake-akordiorik.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua eta Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusia den eta Eusko Jaurlaritza barruan PSE-EE alderdiaren jarduna koordinatzen duen Iñaki Arriolak Eferi emandako elkarrizketa batean onartu duenez, bere alderdiak badu asmoa autogobernua hobetzeko akordio batera iristeko legegintzaldi honetan, Gasteizko Legebiltzarrean.
PSEk Autonomia Estatutua bere osotasunean bete dadila eskatuko du Legebiltzarrean sortuko den batzorde-txostengilean, baita autogobernua hobe dadila ere, sozialistek Espainiarako proposatzen duten eredu federalari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren eskumenak zein diren argitzea ahalbidetuko duena.
Arriolaren aburuz, modu horretan, ordenamendu juridikoaren zehaztasun handiagoarekin, ekidin egingo lirateke araudi asko epaitegietan bukatzea; alabaina, Arriolak argi utzi du, PSEk ez duela inola ere onartuko Espainiarekiko bizikidetza arriskuan jartzea.
Arriolak gogora ekarri du EAJk eta PSEk sinatu zuten gobernu koalizioaren arabera, kide biek askatasuna dutela bakoitzak bere jarrerak defendatzeko autogobernuari dagokionez, baina argi utzi du alderdi bien asmoa jarrerak hurbiltzea dela, baita adostasunak eta oreka puntua bilatzea ere hauteskunde programekin "inkoherentziatan erori gabe".
Bai Autogobernuaren Batzorde Txostengilea, bai Oroimen eta Bizikidetzakoa datorren ostegunean abiatuko dira, eta azken horren kasuan, oraingo honetan sozialistek onartu egin dute bertan parte hartzea, nahiz eta aurreko legegintzaldian uko egin zioten, PPk bezala; izan ere, beren esanetan, EH Bilduk ez du oraindik bere gain hartu "zoru etikoa".
Orain Arriolak batzordean aritzea justifikatzen du, "garaiak dinamikoak direlako eta aurrera egin behar delako; dena dela, gutxieneko zoru etikoa partekatu behar dela adierazi du berriro. Bere esanetan, zoru etiko horrek adierazi behar du "xede politikoak lortzeko hiltzea gaizki egon" zela eta etorkizunean indarkeria erabiltzeari uko egiten zaiola.
Arrolaren iritziz, "hortik abiatzen ez bagara, paperaren gainean gai askotan egin dezakegu aurrera, baina indarkeriazko egoerak errepika daitezen arriskua dago, baldin eta bizikidetza oinarri ahulen gainean eraikitzen bada, eta mehatxua bat izango da etorkizunarentzat".
Gobernuko bi bazkideen arteko harremanaz, sailburuak baieztatu du orain arte ez dela tirabirarik egon bien artean, baina uste du egokia izan izango litzatekeela Iñigo Urkullu lehendakaria Presidenteen Biltzarrera joan izan.
Aitzitik, ukatu egin du gai horrek Gobernu barruan tentsioa eragin duenik, baina onartu egin du Urkulluri esan ziola aipatu biltzarrera joan behar izan zuela.