Politika -
Etxerat
281 salaketa iragarri dituzte, dispertsioa eta zigor batuketagatik
Urrunduta dauden 260 bat presoren kasuak aurkeztuko dituzte Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian. Frantzian betetako zigorrak Espainian aintzat hartzeko kasuan, berriz, 50en bat preso daude.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etxerat elkarteak salaketa berriak iragarri ditu Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian, sakabanaketa politika eta zigor batuketengatik.
Amaia Izko eta Haizea Ziluaga abokatuek Naike Diez eta Patricia Velez Etxerat elkarteko bozeramaileekin batera Donostian eskaini duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, 281 salaketa horietatik 260 Espainiako Estatuan urrunduta dauden presoenak izango dira eta gainerako 21ak, berriz, Frantzian edota Europako beste tokiren batean betetako zigorrak Espainian aintzat hartzeko eskatzen duten presoenak dira.
Izkok Jose Javier Arizkuren Ruiz "Kantauri" presoaren kasua azaldu du. Preso nafarrak dispertsio eta urruntze politikaren aurka jarritako salaketa Estrasburgora bidean da, Espainiako ibilbide juridiko eta administratiboa amaituta.
Abokatuak azaldu duenez, presoei bizitza familiarrerako eskubidea urratzen dietela argudiatuko dute. Izan ere, dispertsioa dela-eta etxetik gertu egongo balira baino bisita gutxiago izaten dituzte presoek.
Haize Ziluagak, berriz, beste herrialde batzuetan betetako zigorrak Espainian kontuan hartzeko eskatzen duten presoen kasuak izan dituzte hizpide. Haren esanetan, Santiago Arrozpide, Alberto Plazaola eta Francisco Mujikaren eskakizunak Europako Giza Eskubideen Auzitegian sartu berri dira, eta beste 21 presoren errekurtsoak sartzeko prest daude. Guztira, 50 preso ei dira Frantzian betetako zigorra aintzat hartzen ez zaiena, eta horiek guztiek bide judizialari ekin diote.
Bestalde, Etxerat elkarteak ilusioa eta poza azaldu du salaketa berri horiengatik.