Politika -
Donostian
EH Bilduk 'Bakerako Euskal Konponbidea' plana aurkeztu du
'Bidezko bake egonkorra eta bermeduna' ahalbidetuko duen 68 neurri proposatu ditu koalizio abertzaleak.
Agentziak | Erredakzioa
EH Bildu koalizioak "konponbide orokorra ahalbidetuko duen jarduera-plana" aurkeztu du larunbat goizean Donostian. Julen Arzuaga parlamentariak azaldu duenez, "arrakastatsu garatuz gero, Euskal Herria normalizatutako bizikidetzarako eta bakerako agertoki batean" kokatuko du.
Arzuagak 68 neurri proposatzen dituen "Bakerako Euskal Konponbidea" dokumentua aurkeztu du Donostian egindako ekitaldian, koalizioko beste hainbat kiderekin: Arkaitz Rodriguez eta Marian Beitialarrangoitia (Sortu), Pello Urizar eta Unai Ziarreta (EA) eta Julen Mendoza Errenteriako (Gipuzkoa) alkatea, besteak beste.
Donostiako Bakearen Usoa eskulturaren aurrean egindako aurkezpenean, Arzuagak argitu du "plan horretan zehaztutako ekintzak finkatuz gero, bake bidezkoa, egonkorra eta bermeduna lortzeko agertokia ahalbidetuko litzatekeela" .
"Sinergia berriak sortzeko 68 jarduera dira", jarraitu du, "ekintza batek beste bat garatzea ekarri beharko luke, aurrerapen hori orokorra eta erabakitzailea izan dadin".
Horrez gain, plana eztabaidara irekita dagoen proposamena dela berretsi du Arzuagak, bakearen agertokiari ekarpenen bat egin nahi duen edozein pertsonak eta erakundek parte har dezan. Bestalde, "euskal gizarteari" zuzendutako plana dela adierazi du.
Gaur EH Bilduk aurkeztutako dokumentuak hiru atal ditu: lehen biek hirugarrenaren sarrera eta testuingurua azaltzen dituzte. Azken atalean 68 neurriak deskribatu dituzte, beste hiru epigrafetan: Memoriadun Iragana, Oraina Bakean eta Etorkizuna Bizikidetza Demokratikoan.