Politika -
Auzitegi Nazionala
Lekeitioko EH Bilduren zinegotzia aske utzi du epaileak
Andoni Gabiola 'Toñua' presoari udaletxean emandako ongietorriagatik deklaratu du Andoni Seijo zinegotziak.
Agentziak | Erredakzioa
Andoni Gabiola 'Toñua' presoari Lekeitioko udaletxean emandako ongietorriaren harira ordubetez deklaratu ostean, libre utzi du Auzitegi Nazionaleko epaileak Andoni Seijo EH Bilduren zinegotzia. Ikertu gisa deklaratu du Seijok, Covite biktimen elkarteak aurkeztutako salaketa bat tarteko.
Iker Urbina abokatua ondoan zuela irten da zinegotzia Auzitegitik, eta ez du adierazpenik eskaini.
Duela bost hilabete jarri zuen Covitek salaketa Lekeitioko Udalaren kontra. Andoni Gabiola presoari omenaldia egiteko udaletxeko bilkura-aretoa erabili zutela eta, Udalak terrorismoari gorazarre egin ziola argudiatu zuen elkarteak.
Covitek salaketan jaso zuenez, ehunka pertsona bildu ziren udaletxean, eta "ETAko preso ohia alkatearen aulkian jesarri zen".