Politika -

Urteurrena

Pagazaurtundua: 'Gorrotoaren diskurtsoari aurre egin behar zaio'

Joseba Pagazaurtundua 2003an ETAk hildako Andoaingo udaltzainburuaren familiak omenaldia egin dio.

Joseba Pagazaurtundua omendu dute Andoainen. EiTB
Joseba Pagazaurtundua omendu dute Andoainen. EiTB
Joseba Pagazaurtundua omendu dute Andoainen. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Pagazaurtundua ETAk 2003an hildako Andoaingo udaltzainburua omendu du haren familiak Andoainen. "Euskadin gorrotoaren diskurtsoak bere horretan jarraitzen duela" salatu dute, eta aurre egin behar zaiola nabarmendu, "etorkizuneko belaunaldiek hain modu toxikoan bizi behar ez izateko".

Maite Pagazaurtunduak egin ditu adierazpenok, Joseba Pagazaurtunduaren arrebak eta UPyD alderdiko europarlamentariak. Datorren asteazkenean, otsailak 8, hamalau urte beteko dira ETAk hil zuela eta omendu egin dute gaur goizean.

Agustin Ibarrolak Pagazaurtundua eta terrorismoaren biktimak oroitzeko egindako eskulturaren ondoan egin dute ekitaldia. Familiartekoez eta lagunez gain, UPyD, PP eta PSE-EE alderdietako ordezkariak izan dira.

Consuelo Ordoñez Terrorismoaren Biktimen Euskadiko Taldeko (COVITE) presidenteak, Teo Santos Ertzainen eta Terrorismoaren Biktimen Senideen Elkarteko (Aserfavite) kideak eta Fernando Savater filosofoak ere hartu dute parte ekitaldian.

Guztiek adierazi dutenez, bizikidetzaren bideari ekiteko nahitaezkoa da "gorrotoaren hitzaldia" amaitzea eta ETAren ibilbideari "zilegitasuna kentzea".

Horrez gain, Maite Pagazaurtunduak azaldu du "bizi-kalitatea asko hobetu dela" ETAk armak utziz gero. Dena den, azpimarratu du "ETAren indarkeria justifikatu zutenak hitz berdinak erabiltzen jarraitzen dutela, kontrol soziala duten tokietan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gaurko azken ordukoa