Politika -
Jihadistei buruzko informazioa
Ertzaintzari datuak aztertzeko baimena ematea pentsatuko du Gobernuak
Rajoyren Gobernuak azaldu duenez, inoiz ez da koordinazio faltarik egon Espainiako indar polizialen eta Ertzaintzaren artean.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernua harremanetan jarri da Ertzaintzarekin, jihadismoaren inguruko datu-baseak erabili ahal izateko jarraitu beharko lukeen protokoloari buruz hitz egiteko. Terrorismoaren eta krimen antolatuaren aurkako Inteligentzia zentroa (CITCO) sortu zuen Espainiako Gobernuak 2014an, jihadismoari buruzko informazio guztia datu-base berean bildu eta mehatxu horri aurre egiteko asmoz.
Rajoyren Gobernuak azaldu duenez, "inoiz ez da koordinazio faltarik egon Espainiako polizia-taldeen eta Ertzaintzaren artean". Horren erakusgarri, bi aldeek 2009an (CITCO sortu baino lehen) mehatxu terroristen aurrean elkarrekin lan egiteko sinatu zuten akordioa aipatu du.
Protokolo horren bidez, informazioa trukatzea eta terrorismoaren aurkako formakuntza ikastaroak antolatzea adostu zuten bi aldeek. Halaber, Euskal Herrian terrorismoaren aurka egiten diren polizia-operazio guztien berri unean bertan jakinarazteko konpromisoa hartu zuen Ertzaintzak.
Ildo horretatik, hiruhilekoan behin jarraipen bilerak egiteko hitza hartu zuten Espainiako polizia-taldeek eta Ertzaintzak (urriaren 25ean egin zuten azken bilera).
Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan aldarrikatu du Ertzaintza nazioarteko foroetan egon behar dela. Era berean, Espainiako polizia-taldeek duten informazioa Esquadra Mossoekin eta gainerako erkidegoetako polizia-taldeekin partekatzeko eskatu du askotan Kataluniako Gobernuak.