Politika -

Bygmalion auzia

Sarkozy epaituko dute, 2012ko kanpainako finantzaketagatik

Epaileak hauteskunde kanpainako gastu sabaia (22,5 milioi euro) gainditzea leporatzen dio.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohia artxiboko argazki batean. EFE
Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohia artxiboko argazki batean. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Sarkozy (UMP) Frantziako presidente ohia epaituko dute, 2012ko hauteskunde kanpaina legez kanpo finantzatzea leporatuta, Frantziako hedabideek iturri judizialak aipatuz zabaldutako informazioaren arabera.

Serge Tournaire epaileak Nicolas Sarkozy eta Bygmalion auziko beste hamahiru inputatuak auzipetzea erabaki du. Epaileak ikerketa bat abiatu du, UMP alderdiaren 2012ko hauteskunde kanpainako gastuak eta alderdi eskuindarraren mitinak antolatzen zituen Bygmalion enpresak igorritako faktura faltsuak aztertzeko.

Halaber, epaileak hauteskunde kanpainako gastu sabaia (22,5 milioi euro) gainditzea leporatzen dio Sarkozyri.

Sarkozyz gain, auzi berean inputatuta daudenen artean hauek daude: UMP alderdiko zuzendaritzako kide ohiak, Guillaume Lambert hauteskunde kanpainako buruzagia eta Bygmalion komunikazio enpresako arduradunak.

Faktura faltsuen sistema baten sorreran parte hartzea leporatzen diete auzipetu horiei guztiei. Horrela, hauteskunde kanpainako aurrekontuan agertu beharko luketen mitinetako gastuei zegozkien 15 milioi euroak UMP alderdiaren kontuetan azaltzen ziren.

Epaileak uste du Sarkozyk ez zuela faktura faltsuen sistemaren berri, baina jakin bazekiela haren hauteskunde kanpainak 22,5 milioi euroko gastu sabaia gainditu zuela. Izan ere, kontabilitate adituek hainbat ohartarazpen egin omen zizkioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Frantzia bideoak Epaiketak albisteak Albisteak