Politika -
Eusko Legebiltzarra
PP bakarrik geratu da terrorismoa gaitzesteko proposamenarekin
Talde guztiek gogoratu diote Alderdi Popularrari Jaurlaritzak badaukala jada hezkuntza-programa bat indarkeriari zilegitasuna kentzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrean ostegun honetan egindako bilkuran agerian geratu dira berriro ere Euskadiko Alderdi Popularrak gainerako taldeekin dituen ezberdintasunak bake eta bizikidetza gaietan.
ETAren indarkeria ikastetxeetan gaitzesteko proposamen bat aurkeztu du PPk, baina talde guztiak kontra agertu dira.
Joan den astean osatu zen Bake eta Bizikidetza lantaldea Gasteizko Ganberan, PPren iritziaren kontran.
Gaurko saioan, euskal hezkuntza-sisteman ETAren indarkeriari zilegitasuna kentzeko plan integral bat egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, “gazteek jakin dezaten ETA, terrorismoa erabilita, proiektu totalitario bat inposatzen saiatu zela eta horretarako pertsonak hil eta mehatxu egin zituela”.
PPk Hernaniko institutuan izandako gertakaria ekarri du gogora bere ekimena justifikatzeko. Joan den urteko irailean, ‘Gudari Eguna’ zela eta, ikasle batzuek ETAko 22 kide omendu zituzten bertan.
Nolanahi ere, Alderdi Popularraren proposamena ezerezean geratu da, inork babestu ez duelako.
Talde guztiek gogoratu diote PPri Jaurlaritzak badaukala jada hezkuntza-programa bat (Adi-adian) indarkeriari zilegitasuna kentzeko eta plan horren bidez indarkeriaren biktimek euren testigantzak eskoletara eramaten dituztela.