Politika -
OMENALDIA
Lagunen eta senideen omenaldia jaso du Zuluetak
Bilboko Alde Zaharrean egin diote ekitaldi xume bat. Kadizeko kartzelan hiru urte baino gehiago eman eta gero, atzo geratu zen libre abokatua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arantza Zulueta abokatuak etxekoen eta lagunen omenaldia jaso du gaur eguerdian. Bilbon izan da ongietorri-ekitaldia, eta dozenaka lagun bildu dira. Zuluetak preso guztiak etxeratu arte borrokan jarraitzeko deia egin du.
Atzo atera zen espetxetik, Auzitegi Nazionalak ezarritako 20.000 euroko fidantza ordainduta. 15:15ean atera zen zen Kadizeko Puerto III espetxetik, hiru urte espetxean egon ostean, behin-behineko espetxealdian eta erabat isolatuta. 2014ko urtarrilean atxilotu zuten Zulueta, 'Jake' operazioan.
Orain, hamabost egunetik behin epaitegira joan beharko du sinatzera, pasaportea erretiratuko diote eta ezingo du Estatu espainiarretik atera.
Auzitegi Nazionalak 19 urteko kartzela zigorra eskatu du berarentzat, ETAren zuzendaritzaren eta presoen kolektiboaren arteko lotura egitea egotzita. Lau urte lehenago ere atxilotu zuten Hernanin, 'Alboka' operazioan. Orain, abokatuaren helburua irekita dituen bi auzietako defentsa ongi prestatzea izango da.