Politika -

A9agatik epaiketa Gorenean

Homs: 'Epaiak Estatua eta Kataluniaren arteko harremanean eragingo du'

Fiskalak bederatzi urteko gaitasungabetze eskariari eutsi dio. Epaiketa epaiaren zain geratu da.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francesc Homs PPeCAT alderdiko diputatu eta Kataluniako Presidentetza kontseilari ohiak ohartarazpena egin dio gaur Auzitegi Gorenari. 2014ko azaroaren 9an Katalunian egin zuten prozesu parte hartzaileagatik emango duen epaiak "Espainiako Estatuaren eta Kataluniaren arteko harremanean eragingo du".

Aldeek euren ondorioak azaltzeko eguna izan da gaurkoa Homsen aurka astelehenean Auzitegi Gorenean hasitako epaiketan. Fiskalak bere eskaerari eutsi dio, eta defentsak, absoluzioa. Akusatuak ere hitza hartu du, eta "errugabea" dela azpimarratu.

Epaia edozein dela ere, "Kataluniako herriaren erabakitzeko eskubidea sustatzen" jarraituko duela nabarmendu du. Aurtengoa, Homsen hitzetan, erreferendumaren urtea izango da, eta irmo mintzatu da horren kontura: "Prozesu parte hartzaile batean boto kutxak jartzea Estatuari pultsua egitea bada, nik ez dut Estatu horretako kide izan nahi".

Homsen aburuz, epaiketan "zuzenbidea eta politika" nahastu dituzte. "Katalunian demokraziarik gabeko Legea izan dugu", erantsi du.

"Kataluniako herriak autogobernu borondatea betidanik" eduki duela adierazi du Homsek. Hori horrela, bere ustez, auzia ez da auzitegietan bukatuko, erabakitzeko eskubidea "sakratua" delako.

Fiskala, gogor

Bestalde, Jaime Moreno Auzitegi Goreneko fiskalak berretsi duenez, Francesc Homs Presidentetza kontseilari ohiarentzat bederatzi urtez kargu publiko izateko debekua eskatuko du, 2014ko azaroaren 9an Katalunian egin zuten prozesu parte hartzailearengatik.

Fiskalaren aburuz, A9a "legaltasunari egindako desafioa eta Zuzenbide Estatuari botatako pultsua baino ez zen izan". Hala, Homs prebarikazio eta desobedientzia delituengatik zigortzeko nahikoa froga daudela ondorioztatu du. Nabarmendu duenez, Homsek "bazekien" Auzitegi Konstituzionalak galdeketa bertan behera utzi zuela, baina horren aurrean "jarrera arbitrario, kontziente eta gehiegizkoa" izan zuen, eta hitzorduari eutsi zion.

Morenok nabarmendu duenez, Generalitateko kudeatzaile politikoen jarduna ari dira epaitzen, "ez boluntarioen lana edo bozkatzeko deia egin zutenen jarrera". Haren hitzetan, Kataluniako buruzagi politikoak "Konstituzioaren interpretatzaile gorenak esandakoaren aurrean nahi dutena egiteko ados jarri ziren".

"Botere publiko guztiak legearen menpe daude, eta hori da demokrazia", esan du fiskalak, eta horren kontura, Auzitegi Konstituzionalak galdeketa bertan behera uztea agindu zuela gogorarazi du.

Desobedientzia delitua argudiatzeko Homsen adierazpenak gezurtatu ditu fiskalak. Azaldu duenez, Konstituzionalaren probidentzia Artur Mas orduko Kataluniako presidenteari bidali zitzaion, eta, beraz, Presidentetza kontseilariak bazuen horren berri. Homsek eta Masek berak epaiketan esandakoaren arabera, inork ez zien galdeketa delitu izan zitekeela ohartarazi. Morenok bestelakoa uste du: "Probidentzia azaroaren 9an entregatu zen, eta, hortaz, akusatuak ondo baino hobeto ezagutzen zuen".

Prebarikazio delituari dagokionez, Homsek debekuaren aurrean ezer ez egitea erabaki omen zuelako leporatu ahal zaio, betiere Moreno fiskalaren berbetan. "Galdeketa geldiarazteko edo bertan behera uzteko agindurik ez badago, aurrera jarraitzeko agindua dagoela ondorioztatu ahal da. Hori egin zuten, eta hori baino gehiago, denon artean adostu zutelako ezer ez egitea", azpimarratu du fiskalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena albisteak Artur Mas