Politika -
Europako Parlamentua
Emakumeak gizonen ‘menpeko’ direla esan du poloniar eurodiputatu batek
Iratxe Garcia eta Izaskun Bilbao euskal eurodiputatuek Janusz Korwin-Mikkeri erantzun diote, emakumeen eta gizonen arteko soldata desberdintasuna defendatu ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Janusz Korwin-Mikke poloniar eurodiputatu polemikoak emakumeen eta gizonen arteko soldata desberdintasuna defendatu du asteazken honetan, bere esanetan, emakumeak gizonen azpitik daudelako. Adierazpen horien aurrean, Iratxe Garcia euskal eurodiputatuak erantzun egin dio.
“Esango al zenidake zenbat emakume dauden ehun xake jokalari onenen artean? Nik erantzungo dizut: Bat ere ez. Zalantzarik gabe, emakumeek gizonek baino gutxiago irabazi behar dute, ahulagoak eta txikiagoak izateaz gain, gutxiago dakitelako”, esan du.
“Argi daukat herritarrak ordezkatzeko orduan emakumeok gizonek bezain beste aukera izatea kezkatu eta min egiten dizula. Zu bezalako gizonen aurrean emakumeak defendatzera nator Europako Parlamentura”, erantzun dio Iratxe Garciak.
Beste alde batetik, Izaskin Bilbao EAJko eurodiputatuak neurri batzuk proposatu ditu gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunarekin amaitzeko. Ildo horretatik, norberak bere etxean harremana hobetzeko ahalegina egin ditzan, enpresetan garrantzia handiko postuak emateko eta sektore publikoan generoa kontuan izan beharrean pertsona horren gaitasuna nagusitzea eskatu du.