Politika -

Presoak

Hiru presok gerturatzeko egindako eskaera baztertu du Estrasburgok

Alex Zobaran, Urko Labaka eta Ione Lozano presoek Frantziaren kontrako auzia Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira eraman zuten.

Giza Eskubideen Europako Auzitegia. Artxiboko argazkia: EiTB
Giza Eskubideen Europako Auzitegia. Artxiboko argazkia: EiTB
Giza Eskubideen Europako Auzitegia. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du tramitera onartu hiru euskal presok urruntzearen kontra aurkeztutako helegitea. 2013an jo zuten Estrasburgoko Auzitegira eta garai hartan Frantziako Lyon-Corbas espetxean zeuden, bizilekutik 800 kilometrora.

Alex Zobaran Arriola, Urko Labaka Larrea eta Ione Lozano Miranda presoek Frantziako Estatua auzitegietara eraman zuten. Labaka eta Lozano 2016an eta 2015ean espainiaratu zituzten, Frantzian zigorra bete ondoren. Hala ere, Estrasburgoko Auzitegiak orain aztertu du horien eskaera.

Hiru presoak 2011ko martxoan atxilotu zituzten Frantzian, eta Paris inguruko hainbat espetxetatik igaro ostean, Lyongo kartzelara eraman zituzten. Zobarani 8 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, 6 urtekoa Labakari eta 5 urtekoa, berriz, Lozanori. 2013an jo zuten Estrasburgoko Auzitegira, bakarka.

Frantziako Gobernuaren arabera, bertako espetxeetan egon ziren bitartean 343 eta 453 bisita artean jaso zituzten eta telefonoz 426 eta 1.283 komunikazio artean izan zituzten.

Estrasburgoko Auzitegiak eskariaren funtsean sartu gabe argudiatu duenez, presoek bisita eta telefono bidezko elkarrizketa ugari izan dituzte beren hurbilekoekin. Epaileek ebatzi dute ezerk ez duela frogatzen presoen hurbilekoek bisitan joateko "arazo oso zailak edo gaindiezinak" izan zituztenik.

Bestalde, hiru euskal preso horien kasua ez dela Ukrainako Vintman eta Rodzevillo presoenarekin alderagarria ebatzi du. Bi preso horiek beren etxetik milaka kilometrotara zeuden preso eta Estrasburgok arrazoia eman zien. Vintmanek hamar urte pasa zituen ama ikusi gabe eta Rodzevillok, berriz, zazpi bisita baino ez zituen izan zortzi urtean.

Auzitegiak gaineratu duenez, hiru presoek ez zioten argi eskatu beren familietatik gertuago egotea 2012an instrukzio epaileari bidalitako gutunean. Are gehiago, gerturatze eskaera bat egin ahal zutela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Espainiako Gobernua argazkiak Presoak ETA gaur Gaurko azken orduko albistea Frantziako Gobernua gaur Giza Eskubideen Europako Auzitegia gaur