Politika -
'Black' txartelen auzia
Epaileak ez die kautelazko neurririk jarri Ratori eta Blesari
Fiskaltzak 100.000 euroko bermea eskatu du Caja Madrideko presidente ohiarentzat. Epaimahaiak sei urteko kartzela zigorra ezarri zion, diruaz bidegabe jabetzea leporatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohiari eta Rodrigo Rato Bankiako presidente ohiari kautelazko neurriak ez ezartzea erabaki du Auzitegi Nazionalak. "Black" txartelen auzian sei eta lau urteko kartzela zigorra jarri zieten, hurrenez hurren, Blesari eta Ratori. Epaileak bere autoan azaldu duenez, bien jarrera aintzat hartuta ez da beharrezkoa kautelazko neurriak hartzea.
Ratori dagokionez, prozesuan zehar haren jarrera "guztiz zentzuduna" izan dela azpimarratu du epaileak eta Blesaren kasuan ere ez du uste kautelazko neurriak ezartzea beharrezkoa denik.
Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak 100.000 euroko fidantza ordainduta saihestu daitekeen behin-behineko kartzelaldia eskatu du Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohiarentzat, iturri juridikoek jakinarazi dutenez. "Black" txartelen auzian sei urteko kartzela zigorra ezarri zion epaimahaiak Blesari, modu jarraituan diruaz bidegabe jabetzea leporatuta.
Iturri juridikoen arabera, fidantza ordainduz gero Blesari pasaportea erretiratzea eskatuko du Alejandro Luzon fiskalak. Bitartean, auzian herri akusazio gisa aurkeztu diren Confederacion Intersindical de Credito (CIC) eta CGT sindikatuek Blesa kartzelan sartzea eskatu dute.
Auzi horretan zigortu duten Rodrigo Rato Bankiako presidente ohia ere gaurko bista laburrean izan da. Hala ere, Fiskaltzak ez du haren aurkako kautelazko neurririk eskatu bost urtetik beherako kartzela zigorra ezarri ziolako epaimahaiak.
Gaurko bista laburrean Luzonek onartu duenez, Ratok ihes egiteko arriskua "txikia" da; izan ere, Bankiako presidente ohiaren kontrako prozedura judiziala ez dago Blesaren aurkakoa bezain aurreratuta.
Gainera, Luzonek baztertu egin du Ratok frogak suntsitzeko arriskua dagoenik.
Bestalde, herri akusazioak Blesa eta Rato espetxeratzea eskatu du, "delitua berriz egiteko arriskua" dagoela iritzita. CIC sindikatuak epaiaren kontrako helegitea aurkeztu du Auzitegi Gorenean; izan ere, administrazio desleialaren delitutik absolbitu zituen epaimahaiak.