Politika -

Balorazioa

EH Bilduk 'ekimenik eza' leporatu dio Eusko Jaurlaritzari

Maddalen Iriartek, EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, Urkulluren Gobernuak lehen hiru hilabeteetan egindako lana baloratu du.

Maddalen Iriarte, EH Bilduren bozeramailea Eusko Legebiltzarrean. EiTB
Maddalen Iriarte, EH Bilduren bozeramailea Eusko Legebiltzarrean. EiTB
Jaurlaritza 'pultsurik gabeko Gobernua' da, EH Bilduren esanetan

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak Iñigo Urkulluren Gobernuari 'ezer ez egin izana' egotzi dio, Eusko Jaurlaritzaren lehen hiru hilabeteak baloratzeko egindako agerraldian. Iriartek EAJ eta PSE-EE alderdien arteko gobernu-akordioak emandakoa aztertu du gaur goizean.

EH Bilduko bozeramailearen aburuz, Iñigo Urkullu lehendakariak "asmo onak adierazi dituen arren, ez dira Eusko Legebiltzarrean burutu, ezta eztabaidatu ere". Halaber, agerraldian nabarmendu duenez, Urkulluren Exekutiboa "oso eroso" dago, "hiritarrei etorkizun itxaropentsua eskaintzeko inolako nahirik gabe".

"Eusko Jaurlaritza ekimenik gabeko Gobernua da, ideiarik gabea, eta azken lau urteotako joera luzatzen baino ez da ari, are gehiago, baita azken zortzi urteotakoa ere", azaldu du Iriartek. Zehazki, autogobernuari egin dio erreferentzia, Exekutiboak Eusko Legebiltzarrean arlo horretan onartutako ponentziara mugatu dela salatzeko, "eskumenak aldarrikatzeko" ahaleginik egin gabe.

Era berean, Generalitateak abiatutako prozesu soberanistari dagokionez, "Kataluniari elkartasunik" adierazi ez izana ere leporatu dio. EH Bilduren esanetan, lehendakaria "eroso" dago, eta "Euskadi erkidego espainiarragoa bihurtzen du horrek".

Joera horren erakusgarri, Euskadiko Exekutiboa garatzen ari den zerga-politika aipatu du, "Espainiaren ispiluan begiratzen" ari dela salatzeko, Europa iparraldeko herrialdeei erreparatu beharrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EH Bildu Bizkaia Gaurko azken ordukoa Maddalen Iriarte