Politika -

Astelehenean

Legebiltzarreko presidenteak Majarenasen familia hartuko du

Bakartxo Tejeria Sara Majarenasen senitartekoekin elkarrizketatuko da astelehen honetan, presoak eta haren alabak bizi duten egoeraren berri izateko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak Sara Majarenas presoaren senideak hartuko ditu astelehen honetan.

Majarenasen bikotekide ohiak bikotearen alabari labanaz eraso zion urtarrilaren 15ean, eta haurrak asteak eman behar izan ditu ospitalean, aitak egindako zauriak sendatzen. Aitak alabari eraso egin eta hilabetera, baina, haurrak hiru urte bete ditu, eta, ondorioz, legeak ezartzen duenaren arabera, ezin zuen kartzelan amarekin jarraitu. Haurrari gertatutakoa eta amari ezarri zioten kartzela-zigorraren zati handi bat beteta zuela ikusita, Auzitegi Nazionalak espetxetik ateratzeko baimena eman zion Majarenasi, eta Padre Garralda-Horizontes Abiertos Fundazioak Madrilen duen harrera etxe batean alabarekin bizitzera joateko aukera eman zion.

Alabaina, Sara Majarenasen amak, Kontxi Ibarretak, salatu duenez, Izarrek gernu-infekzioa izan arren, Sarak ezin izan du alaba medikuarenera eraman, ez baitu harrera etxetik irteteko baimenik, hara bidali zutenean, lehen egunetan, hori egiteko arazorik izan ez bazuen ere.

Aitzitik, ostiralean, Jose Luis de Castro Auzitegi Nazionaleko epaileak arratsaldeetan alabarekin zentrotik ateratzeko baimena eman zion berriro Majarenasi, umeak "argitasuna, airea, eguzkia eta parkean jolasteko beharra" duelako.

Testuinguru horretan, Eusko Legebiltzarreko presidentea, Bakartxo Tejeria, Majarenasen senitartekoekin bilduko da astelehen eguerdian, ama-alaben egoeraren berri zuzen-zuzenean jasotzeko, eta, ondoren, agerraldia egingo du hedabideen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Legebiltzarra argazkiak Presoak bideoak Gaurko azken orduko albistea