Politika -

Frantzia

Le Roux ikertzen ari dira, alabak aholkulari gisa kontratatzeagatik

Gaur egun Frantziako Barne ministro dena diputatu zen garaian, haren alabei 24 kontratu egin zizkieten, eta 55.000 euro inguru jaso zituzten horien truke.

Bruno Le Roux. Artxiboko argazkia: EFE
Bruno Le Roux. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bruno Le Roux Frantziako Barne ministroa ikertzen ari dira, hura diputatu zen garaian, ustez, haren alabak Asanblea Nazionaleko aholkulari gisa kontratatu zituztelako. Garai hartan, haren alabak adin txikikoak ziren.

TMC Frantziako telebista kateko "Quotidien" saioak gaur iragarri duenez, Le Roux diputatu zen garaian haren alabei 24 kontratu egin zizkieten Asanblea Nazionaleko aholkulari gisa. Le Rouxen alabek 16 urte zituzten eta 55.000 euro inguru jaso zituzten.

RTL Frantziako irrati kateak jakinarazi duenez, Bernard Cazeneuve Frantziako lehen ministroak eta Bruno Le Rouxek bilera egingo dute gaur gai horri buruz hitz egiteko.

Kontratu horiei buruz galdetuta, Le Rouxek erantzun du bere alabek udako opor garaian egindako "udako lanak" zirela.

François Fillon Frantziako presidentegai kontserbadorea inputatu dute berriki, emazteari eta seme-alabei emandako ustezko lanpostu faltsuen kasuan diru publikoa desbideratzea leporatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Frantzia argazkiak Eguneko albisteak