Politika -
Epaiketa
Aginagaldek eta Larretxeak uko egin diote deklaratzeari ANean
Fiskaltzak 59 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatu bakoitzarentzat, Inaxio Uria hiltzea leporatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxea ETAko kideak epaituko ditu gaurtik aurrera, 2008an Inaxio Uria enpresaburu gipuzkoarra hiltzea egotzita.
Aginagaldek zein Larretxeak uko egin diote deklaratzeari. "Ez dut deklaratuko. Ez dut inolako deklaraziorik egingo", esan du Aginagaldek. Larretxeak -sei urteko kartzelaldia jaso zuen ETAki kide izateagatik- gauza bera esan du, baina euskaraz.
Fiskaltzak 118 urteko kartzela zigorra eskatu du bientzat, 59koa bakoitzarentzat, hainbat delitu leporatuta: erakunde armatuko kide izatea, legez kanpoko atxiloketa egitea, auto bat lapurtzea, kalte terroristak eta hilketa egitea. Espetxe zigorraz gain, kalte-ordainak eskatu ditu alargunarentzat (160.000 euro) eta biktimaren seme-alabentzat (240.000 euro).
Miguel Angel Carballo fiskalak egindako idatziaren arabera, ETAk "jauzi kualitatiboa egin zuen enpresaburua hiltzea erabakita, abiadura handiko trena eraikitzearen kontrako larderia eta terrore kanpainaren baitan". Inaxio Uria Altuna y Uria enpresako —tren lasterra eraikitzen zuen enpresetako bat— administrazio kontseiluko kidea zen.
Fiskalaren esanetan, Aginagalde eta Larretxea izan ziren lapurtutako auto batean harengana hurbildu eta tiroka hil zutenak.
Aginagalde eta Larretxea 2014an jarri zituen Frantziak Espainiaren esku, bi euroagindu tarteko. Aginagalderi berari 32 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialista hiltzea egotzita.
Ertzaintzak Aginagalderi egotzi dio hiltzailea izatea
Epaiketaren lehen saioan, krimenaren ikerketa zuzendu zuen ertzainak deklaratu du euskal enpresaburuaren eta Isaias Carrasco PSEko zinegotziaren hiltzailea pertsona bera izan zela, eta Beñat Aginagalderi egotzi die bi hilketak.
Gainera, hilketa ikusi zuen lekuko babestu batek ere deklaratu du: “Abenduaren 3an gidatzen ari nintzen, eta Azpeitiko Loiola etorbideko semaforo batean geldirik nengoela, hiru tiro entzun nituen. Atzera begiratu nuen, eta gezurrezko bizar bat eta eskuan pistola bat zeramatzan pertsona bat ikusi nuen. Arma gorde egin zuen, eta ondoren Alfa Romeo baten aurreko partean sartu zen”.