Politika -
Omenaldia
Carme Chaconen hil-kapera Ferraz kaleko egoitzan jarri dute
Buruzagi politikoak atsekabetuta agertu dira Zapateroren Gobernuko Defentsa ministro izandakoaren heriotza dela eta.
Agentziak | Erredakzioa
Carme Chacon agurtzeko hil-kapera PSOEren egoitza nagusian jarri dute, Madrilgo Ferraz kalean, 13:30ean, PSOEren Batzorde Kudeatzaileak aditzera eman duenez.
Mario Gimenez Batzorde Kudeatzaileko bozeramaileak nabarmendu duenez, Chacon "ikur bat" zen, "aurrerapauso bakoitzean guztiok atzetik joatea lortzen zuen horietakoa". Horrez gain, "Carmeren ibilbidea eta lana oso garrantzitsuak" izan zirela aipatu du: "Horregatik sentitzen dugu halako hutsune handia".
Era berean, Carme Chaconek "Kataluniako arazoari irtenbidea emateko egindako lana" azpimarratu du, "lasaitasuna, ardura eta Estatu sena eman baitzion".
Bestalde, PSOEren idazkari nagusi izateko bidean lehian ari diren hiru hautagaiek bertan behera utzi dituzte gaurko aurreikusitako ekitaldiak, alderdiko kidea omentzeko. Twitter bidez erakutsi dute euren samina.
Icetak dolumin liburua ipini du PSCren egoitzan
Miquel Iceta PSCren idazkari nagusiak doluminak jasotzeko liburua ireki du alderdiak Bartzelonako Nicaragua kalean duen egoitzan. Horrez gain, Madrilen jarritako hil-kaperan egongo dela iragarri du Icetak.
Zapatero, Chaconen heriotzagatik "atsekabetuta"
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiak nahigabea erakutsi du Carme Chaconen heriotza dela eta. Zapaterok berak izendatu zuen Etxebizitza ministro (2007-2008) lehenik, eta, Defentsa ministro (2008-2011), ondoren.
Agiri batean zabaldutakoaren arabera, "atsekabetuta dago bere lankide eta laguna hil delako", "leialtasun, maitasun eta konpromisoaren eredu izan baitzen". "Orain sentitzen dugun hutsuneak argi erakusten digu demokrazia espainiarrentzat eta sozialista guztiontzat duen garrantzia", gaineratu du.
Erkorekak eta Ortuzarrek ere "zirrara" adierazi dute
Sozialista katalanaren ezusteko heriotza horren aurrean, Andoni Ortuzar EAJko presidentea eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea "hunkituta" agertu dira eta "zirrara" sentitzen dutela esan dute.