Politika -
Nafarroa
Parlamentuak helegitea jarriko dio bandera errepublikanoaren debekuari
Halere, Nafarroako Ganberak onartu egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ezarritako debekua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Parlamentuak onartu egingo du atzo Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bandera errepublikanoaren inguruan hartutako erabakia. Zehatz-mehatz esanda, bertan behera utzi du Nafarroako Parlamentuak apirilaren 14an II. Errepublikako bandera Parlamentuaren aurrealdean jartzeko hartutako erabakia. Dena den, helegitea aurkeztuko du erabakiaren aurka.
Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemosek babestu dute helegitea jartzeko erabakia, eta UPNk kontra bozkatu du. Halaber, UPN, Geroa Bai eta Podemos Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia onartzearen alde agertu dira eta EH Bildu, berriz, kontra. Podemosek kontraesanez beteta jarrera erakutsi duela salatu dute zenbaitek; izan ere, Bozeramaileen Batzordean autoa ez onartzearen alde agertu da.
Atzo, Nafarroako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Parlamentuak apirilaren 14an II. Errepublikako bandera Parlamentuan aurrealdean jartzeko hartu zuen erabakia, "Konstituzioaren ikurra ez dela" argudiatuta.
Bestalde, Foru Gobernua babesten duten lau alderdiek aurkeztutako adierazpen instituzionala onartu du Nafarroako Parlamentuko Bozeramaile Batzordeak. Onartutako testuan irakur daitekeenez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren debekua Foru Parlamentuaren subiranotasunaren aurkako "erasoa" da, eta Nafarroan erail zituzten 3.500 errepublikanorentzat "iraingarria" da. Geroa Baik, EH Bilduk, Nafarroako Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak babestu dute aipaturiko adierazpen instituzionala, eta oposizioko taldeek (UPN, PSN eta PPN) kontra bozkatu dute.