Politika -
Barne hauteskundeak PSOEn
Idoia Mendia: 'Diaz eta Sanchez barne kanpaina polarizatzen ari dira'
Patxi Lopez, aldiz, 'Espainiako probintzia guztietan barrena dabilela' azpimarratu du PSE-EEko idazkari nagusiak, eta hala, militanteekin 'feed back'a lortzen duela.
Agentziak | Erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiaren iritziz, Susana Diazek eta Pedro Sanchezek, PSOE gidatzeko hautagaietako bik, barne hauteskundeetako kanpaina polarizatu nahi dute. Patxi Lopez, aldiz, "Espainiako probintziak eta taldeak bisitatzen ari denez, militanteekin 'feed back'a lortzen ari da", azaldu du Mendiak.
Europa Press agentziaren adierazitakoaren arabera, PSOEren barne hauteskundeetako kanpaina polarizatzen ari dela uste du Mendiak, "Diaz eta Sanchez horren bila dabiltzala" argudiatuta. Patxi Lopezek abiatutako kanpaina, berriz, "oso desberdina" dela defendatu du.
Zentzu horretan, lehendakari ohiak "mitin handiak saihestu" dituela nabarmandu du PSE-EEko idazkari nagusiak, "ez baita iritzirik elkar trukatzen". Bere ustetan, "alde bakarreko hitzaldiak" baino ez dira egiten ekitaldi horietan. "Patxi Lopezen eredua askoz ere xumeagoa da, nekagarriagoa, Espainia osoan barrena ibili behar duelako, probintzia eta talde guztietan". Hala, "militanteekin 'feed back'a lortzen duenez, emaitza oso desberdina izan daiteke", adierazi du.
PSOE osoaren interesak
Susana Diaz PSOEren idazkari nagusia izango balitz, PSE-EEk Euskadin defendatzen duen politikan eraginik izango ote lukeen galdetuta, "oraintxe bertan" alderdiak Andaluzian duen idazkari nagusia dela esan du. Hori bai, PSOEren buruzagia izatea lortuko balu, Diazek "PSOEk Espainia osoan dituen interesen alde" egingo lukeela iruditzen zaio.
"Oraingoz, Euskadin EAJrekin lortu dugun akordioagatik zoriondu nau. Oso baikorra iruditu zitzaion eta zuzenean zoriondu ninduen", gaineratu du.
PSOEren barne hauteskundeak gaur abiatuko dira, hautagaien izen-ematearekin
Pedro Sanchez, Susana Diaz eta Patxi Lopez aurrez aurre ipiniko dituen barne hauteskude prozesua gaur jarriko dute martxan. Lehenik eta behin, hiru eguneko epea ezarri dute hautagaitzak aurkezteko. Ondoren, beste bi aste izango dituzte bermeak biltzeko, apirilaren 20tik maiatzaren 4ra.
Hiru hautagaiek telefonoz edo e-mailez egingo dute tramitea, batzorde kudeatzaileari 9.000 bat berme biltzeko asmoa jakinarazteko (erroldaren % 5). PSOEk 177.902 afiliatu dituenez, hautagaitza bakoitzak 8.895 sinadura beharko ditu gutxienez.