Politika -
Adierazpen instituzionala
Kataluniako Gobernuak erreferenduma egiteko konpromisoa berretsiko du
Adierazpen instituzional bat sinatuko dute ostiral honetan, erreferenduma antolatzeko konpromisoarekin azkeneraino jarraituko dutela berresteko.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Gobernuak bere osotasunean, Carles Puigdemont presidentetik hasi eta zuzendari eta idazkari karguetaraino, adierazpen bat sinatuko dute ostiral honetan, 2017an erreferenduma egiteko konpromisoa berresteko.
EFE berri-agentziaren arabera, ekitaldia nola egin Puigdemontek eta Oriol Junqueras presidenteordeak adostu dute. 09:45ean hasiko da, Genralitatearen Jauregian, eta laburra izango da.
Puigdemontek eta Junquerasek hartuko dute hitza. Erreferenduma antolatzeko agindua aurrera eramango dutela argi utziko dute eta ondoren Kataluniako Gobernuko kide guztiek, banan-banan, manifestua sinatuko dute.
Ekitaldi honekin Kataluniako Gobernuak batasun irudia eman nahi du, azken asteotan PDeCAT eta ERC alderdien artean ika-mika ugari izan baita, erreferenduma dela eta.