Politika -

Mercamadridekin lotuta

Gobernuak Madrilen duen ordezkaria salatu du Fiskaltzak, iruzurra egotzita

Mercamadrideko presidenteak eta Madrilgo Ekonomia delegatuak "jarduera irregularrak" salatu zituzten iaz, "kudeaketa txarraren aurrean ardura politikoak eskatzeko".

Concepcion Dancausa. Artxiboko argazkia: EFE
Concepcion Dancausa. Artxiboko argazkia: EFE
Salaketa Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariaren kontra

1:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Fiskaltzak salaketa jarri du Castilla plazako epaitegietan, besteak beste, Concepción Daucausa Espainiako Gobernuak kontra delitu sozietarioa egotzita, Fiskaltzako iturriek Europa Pressi esan diotenaren arabera.

El País egunkariak aurreratu duenez, Marta Higueras Mercamadrideko presidenteak eta Carlos Sanchez Mato Madrilgo Udaleko Ekonomia eta Ogasun ordezkariak salaketa jarri zuten orain dela urtebete, Mercamadriden izandako operazio bat dela eta.

Sozietate misto horretan ustezko "praktika irregularrak" aurkitu ondoren jarri zuten biek salaketa Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzan, "kudeaketa txarraren aurrean ardura politikoak eskatzeko". Udala sozietate horren % 51en jabe da.

Txosten luze batean salatu zutenez, Mercamadridek Merca Ociori pabiloi batzuk hogei urterako alokatzea onartu zuen, auzitegietara jotzea saihesteko. "Mercamadriden erabaki hori bere ondasunen kontrakoa izan zen nabarmen", idatziaren arabera. Pabiloi horiek "egun ez dira ezertarako erabiltzen, ez da erraza beste inori alokatzea, eta Mercamadridek urtero izaten dituen irabazien % 10 galtzea eragiten dute", azaldu zuten salaketan.

Horrela, dokumentuan zehaztu zutenez, "akordioa epemuga heldu arte bere horretan utziz gero, Mercamadridek 11 milioi euro baino gehiago ordainduko ditu erabili ezin dituen eta errentagarritasunik ematen ez dioten pabiloi batzuk alokatzeko". "Auzia galdu izan balu Merca Ociori ordainduko ziona baino askoz ere handiagoa da dirutza hori", horien esanetan.

Salaketan, orain gutxi ezagutu diren beste operazio batzuen berri ere eman zizkioten salatzaileek Fiskaltzari. "Urte jakin batzuetan, eta instalazioak handitu behar zituztela aprobetxatuta, gastu neurrigabe batzuk egin ziren. Adibidez, 77 milioi eurotik gorako inbertsio bat egin zen, Mercamadrideko instalazioak handitzeko, eta inbertsio horrek ez du balio izan ez sozietate horren diru-sarrerak handitzeko ezta errentagarritasun handiagoa izateko ere", dokumentuaren arabera.

Dancausak esan du ez dagoela auzipetuta

Fiskaltzaren erabakia ezagutu berritan, Concepcion Dancausak ukatu egin du iruzurragatik auzipetuta dagoela. Espainiako Gobernuak Madrilgo Autonomia Erkidegoan duen ordezkariaren hitzetan, Fiskaltzaren salaketa "errespetuz" hartu du, harekin ados ez badago ere, eta Justiziari "laguntza" emango diola azpimarratu du.

Ohar batean adierazi duenez, Fiskaltzak informazioa eman dio Dekanotzari "honek erabaki dezan delitu sozietarioagatik auzia zabaldu behar ote duen".

Horren esanetan, ezbaian jarri duten operazio hori "2001ekoa da", eta orduan egindako jarduera guztiek "aldeko txosten juridiko eta ekonomikoak izan zituzten, eta Mercamadrideko Administrazio Kontseiluaren kide guztiek adostu zituzten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Delituak albisteak Salaketak berriak Gaurko azken orduko albistea Madril albisteak gaur