Politika -
Nafarroa
Nafarroako Poliziaren Foru Legearen etorkizuna, airean
Podemosek esan duenez, Nafarroako Gobernuak egindako proiektuaren egoera ikusita, horren kontra bozkatuko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Poliziaren Foru Legearen etorkizuna airean utzi du Podemosek. Nafarroako Gobernuaren proiektua ikusita (UPNk, PSNk eta PPk errefusatu egin dute), kontra bozkatuko dutela esan dute.
Aurretik, Maria Jose Beaumont Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak Parlamentuan adierazi duenaren arabera, Foruzaingoko sindikatuek "ez dute ideia bat ere ez gehitu" dokumentura, baina, horren esanetan, bere sailaren ateak "irekita" daude, eta foruzainek astean, batez beste, 2,8 egunetan egiten dutela lan nabarmendu du.
Foruzainek eta udaltzainek protesta zaratatsua egin dute Parlamentu aurrean lege proiektu hori "inposatzearen aurka", eta kontseilariaren eta Saileko eta Foruzaingoko goi kargudunen dimisioa eskatu dute. Batzordean, berriz, PPren bozeramaileak, Ana Beltranek, kontseilariak agerraldia egitea justifikatu du, beharrezkoa baita "adostasuna bilatzeko".
Beltranen hitzetan, "negoziatzeko duen gaitasunari buruz gutxi esaten dute" horren kritikek eta protestek, eta, gaineratu duenez, sindikatuen ustez kontseilariak "ez du Foruzaingoan sinesten", eta horregatik ez du proiektuak eredu bat eskaintzen horrentzat.