Politika -

Hezkuntza

'Euskadiko beken aurka' ekiteari uztea eskatu du Uriartek

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroarekin bildu da Madrilen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Iñigo Mendez de Vigo Espainiko Gobernuko Hezkuntza ministroarekin bildu da gaur Madrilen. "Hezkuntza arloan Euskadik dituen eskumenak errespetatzea" eskatu dio, "Euskadiko beka sistemaren aurka ekiteari" uztea eskatzeaz gain.

Madrilen bildu dira biak, eta Rajoyren Exekutiboak etengabe egiten dituen "esku-sartzeekin" Jaurlaritzak sentitzen duen "haserrea" helarazi dio.

Uriarteren esanetan, Espainiako Gobernuak Euskadik ematen dituen diru-laguntzen aurka jarritako helegiteekin "oso kezkatuta daudela", 127.000 familiak baino gehiagok jasotzen baitituzte laguntza horiek urtero, "ume guztiak eskolara baldintza berdinetan joan daitezen bermatzeko".

Horrez gain, helegite horien helburua estatu espainiarreko sistema "homogeneizatzea" dela salatu du sailburuak. Hala, "beka eta baldintza jakin batzuk" ezarri nahi dituzte, "Eusko Jaurlaritza diru-laguntzetara baliabide gutxiago bideratzera behartu eta familia gutxiagori laguntza emateko".

Beken aurkako neurriez gain, Oinarrizko Hezkuntzaren euskal curriculumaren aurkako helegiteak eragindako haserrea azaldu dio, baita Lan Eskaintza Publikoen kontrako eskakizun etengabeek sortutako egonezina ere.

Bestalde, Unibertsitateen Legea aldatzea proposatu dio Mendez de Vigori, ikasleei hezkuntza duala eskaini eta formazioa enpresetan amaitu dezaten laguntzeko. Zientzia, Teknologia eta Ikerkuntzari buruzko Legea aldatzea ere eskatu dio, ikertzaileen kontratazioa "malgutzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza sistemako albisteak