Politika -

Erreferenduma Katalunian

8.000 hautetsontzi erosteko lizitazioa argitaratu du Kataluniako Gobernuak

200.000 euro inbertituko ditu irailean egin asmo duen erreferendumari begira bi motatako hautetsontziak erosteko: kartoizkoak eta gardenak.

Carles Puigdemont Generalitateko presidentea. Artxiboko argazkia: EiTB
Carles Puigdemont Generalitateko presidentea. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Gobernuak irailean egin nahi duen erreferendumari begira, 8.000 hautetsontzi erosteko lehiaketa argitaratu du gaur Generalitateko Aldizkari Ofizialak.

Gobernazio Kontseilaritzak argitaratu duen hiru orrialdeko iragarkiaren arabera, Generalitateak 200.000 euro inbertituko ditu bi motatako hautetsontziak erosteko: gardenak (184.000 euro) eta kartoizkoak (16.000 euro). Iragarkian zenbat hautetsontzi erosiko diren zehazten ez bada ere, Gobernuko iturriek zenbaki hori eman izan dute behin baino gehiagotan.

Iragarkiak ez dio Generalitateak 2017ko irailean egin nahi duen erreferendumari aipamenik egiten.

Lehiaketan parte hartu nahi duten enpresek 15 eguneko epea izango dute beren hautagaitza aurkezteko, eta Francesc Esteve Balague Gobernazio Kontseilaritzako idazkari nagusiak sinatu du iragarkia.

Kataluniako Gobernuak, bere osotasunean, independentziari buruzko erreferenduma "antolatzeko, deitzeko eta egiteko konpromisoa" berretsi zuen pasa den apirilaren 21ean, eta Gobernuko kide guztiek, banan-banan, adierazpen bat sinatu zuten.

Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileak ostiralean ohartarazi zuenez, Fiskaltzak esku hartuko du Generalitateak independentziari buruzko erreferenduma egiteko pausoak ematen baditu. Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako erreferenduma debekatu zuen.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma gaur Gaurko azken ordukoa