Politika -
Bilera, Bruselan
Estatu gabeko nazioek EBn pisu gehiago izatea eskatu dio Urkulluk Junckerri
Lehendakaria Europako Batzordeko presidentearekin bildu da, Bruselan.
EiTB.EUS
Iñigo Urkullu lehendakariak Europa "arimaduna" eta "sozialagoa" izatea aldarrikatu du Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearen aurrean, Bruselan egindako bileran. Gainera, Estatu gabeko nazioen Europan pisu handiagoa izatea eskatu dio.
"Gobernantza aniztasun mota bat proposatu dut, Estatugabeko nazioek eta eskualdeek gure zeregina izan dezagun", adierazi du Urkulluk, batzarraren amaieran.
Lehendakariak Europaren etorkizunari buruz duen ikuspegia azaldu dio Junckerri, eta Euskadik europar eraikuntzarekin konpromisoa duela gaineratu du.
Horren ildotik, Europa "federala" izatea defendatu du, baina errefusatu egin du Batasunaren helburu bakarra "merkatua" izatea.
Bestalde, Urkulluk aipatu du Junckerrekin ez duela bake-prozesuaz hitz egin, baina bai gizarte kohesioari buruz.
Junckerrekin ez ezik, Pierre Moscovici Ekonomia eta Finantza Gaietarako komisarioarekin eta Guy Verhofstadt 'Brexit'aren inguruko negoziazioak koordinatu behar dituen diputatuarekin ere bildu da lehendakaria.
Kupoari dagokionez, lehendakariak gogorarazi egin du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak "aitortu" egin zuela EAEko autonomia fiskala.